Ziklo-kroslari goierritarrek Gipuzkoako zazpi txapel jantzi dituzte Beasainen jokatu den proban
Beasaingo ziklo-kros proba Martin Mata espainiarrak irabazi du maila nagusian, eta emakumetan Paula Suarez gasteiztarrak. Gipuzkoako Txapelketa zen, kategoria guztietan.
Beasaingo ziklo-kros probak historiako aro bat itxi du gaur, Telleri eta Errekarte baserrien inguruan jokatu den azkena izan baitaiteke. Hango etxegintzak behartuta, aurten doi-doi antolatu ahal izan dute barrutia auzunean. Desagertutako bi baserriak oroimenean izan dituzte Loinatz txirrindulari elkarteko antolatzaileek.
Kirol arloan, eguerdian jokatu den eliteko eta 23 urtez azpiko proba nagusian, Martin Mata izan da onena. Burgos taldean profesional izandako txirrindularia da Mata, eta gaur egun Euskal Herrian sendoena den Aitor Hernandez bigarren postura bidali du. 30 txirrindulari irten dira elitekoan, tartean Iñigo Elosegi eta Garikoitz Bravo profesionalak.
Emakume eliteek juniorrekin batera korritu dute, aurreko lasterketan. Paula Suarez gasteiztarra izan da garaile.
Gipuzkoako Txapelketa ere baziren gaurko Beasaingo probetan, eta ziklo-kroslari goierritarrek uzta oparoa bildu dute txapeletan. Herrialdeko zazpi titulu geratu dira eskualdean.
Goierrin, hurrengo ziklo-kros proba urtarrilaren 2an izango da, Ormaiztegin.
Gipuzkoako txapeldunak:
- Kadete neskak: Izaro Etxarri.
- Kadete mutilak: Alex Beristain.
- Jubenil neskak: partaiderik gabe.
- Jubenil mutilak: Gari Ugarte legazpiarra.
- 23 urtez azpiko neskak: Lur Zufiria ormaiztegiarra.
- 23 urtez azpiko mutilak: Aitor Garmendia itsasondoarra.
- Elite neskak: Olatz Odriozola.
- Elite mutilak: Garikoitz Bravo.
- Master 30 neskak: partaiderik gabe.
- Master 30 mutilak: Oinatz Munduate idiazabaldarra.
- Master 40 neskak: partaiderik gabe.
- Master 40 mutilak: Oskar Gonzalez legazpiarra.
- Master 50 neskak: partaiderik gabe.
- Master 50 mutilak: Aitor Zabaleta legazpiarra.