Aconcaguaren konkista
Ander Ibargurenek, Unai Segurajauregik eta Julen Agirianok 2019-2020ko neguan egin zuten gailurra .‘Aconcagua: Harria egarri’ ikus-entzunezkoa emango dute etzi, Legazpin.
Ander Ibarguren eta Unai Segurajauregi legazpiarrek eta Julen Agiriano eskoriatzarrak 2019-2020ko neguan Hego Amerikako Aconcaguara egindako mendi espedizioaren kontakizuna ikus-entzunezko lan batean bildu, eta etzi, azaroak 18, aurkeztuko dute Latxartegi aretoan 19:30ean. Aconcagua: Harria egarri du izenburutzat.
Emanaldia doakoa izango da, eta sarrera librea izango da espazioaren edukiera osatu arte. Barruan musukoa derrigorrezkoa izango da eta ezin izango da ez jan ez edan. Latxartegiko ateak 19:00etan irekiko dira.
Espedizioko bizipenak
Unai Segurajauregik 2018an egin zuen Aconcaguara bakarka igotzeko saiakera, baina huts egin zuen, eta «arantza hura» kentzeko, hurrengo urtean beste saiakera bat egitea erabaki zuen, Ander Ibarguren lagunaren ondoan. «Unaik arantza kendu nahi zuen, eta nik esperientzia hura bizitzeko gogoa nuen», azaldu du Ibargurenek. Espedizioaren hirugarren partaidea Ibargurenen lankidea da, «egun batean atera zen gaia, eta hirukoa zenbaki polita zela pentsatuz, halaxe joan ginen hirurak».
Mendizaleen artean Aconcagua ez dela mendi zaila dio Ibargurenek, baina «egokia da norbere gorputza goi mendietako alturan nola moldatzen den ikusteko». Aurretik Pirineoetan eta Alpeetan ibiliak ziren hirurak, baina kontuan izan behar da mendi horrek 6.991 metro dituela. Aklimatazioan bakoitzak bere erritmoa eraman zuen, eta «ondo moldatu ginen». Hirurek lortu zuten gailurra egitea.
Horrelako espedizio batek eskatzen duen antolakuntza lana ere gogoan du Ibargurenek, Aconcagua dagoen parkerako sarrera erostea, egonaldi mota aukeratzea… «Dena oso ondo prestatuta dago, erosotasun guztiak aurkituko dituzu, baina mendia zuk igo behar duzu!».
Hirukote honek oinarrizko kanpalekuan janaria eta guzti zuen hartuta, baina handik gora «gure kontura ibili ginen, igoeran zentratzeko, ez genuen gidaririk ere eraman».
Bizipen horiek guztiak kontatuko dituzte etziko ikus-entzunezkoan, eta leku bat gordeko dute klima aldaketaz ere hitz egiteko, «hango baileretan duen eragina argi ikusi genuen».
Aconcaguako espedizioa COVID-19a agertu aurretik egin zuten hiru mendizale hauek, eta hurrengo gailurretan pentsatzen hasita daude orain.