65 urtetik gorako emakumeengan jarriko dute fokua Azaroaren 25ean
Azaroaren 25a, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna baliatuko dute adineko emakumeek jasaten duten biolentzia ikusarazteko
Adineko emakumeek jasaten duten indarkeriaren gainean jarriko dute fokua Ordizian, Azaroaren 25an, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira.Egun horren bueltan, hainbat ekintza antolatu dituzte. Ainhoa Jimenez Ordiziako Udaleko Berdintasun zinegotziak eman ditu xehetasun guztiak. Horretarako, Ordiziako Zuhaiztia aukeratu du. Toki berezia da, Jimenezek berak horrela esan du: «Duela hiru urte herriko emakume talde eta norbanako asko elkartu ziren matazak josteko, emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean, eta Zuhaiztin izan ditugu jarrita urte hauetan ikur moduan. Mataza horiek ez zeuden egoera onean eta horregatik kendu egin dira, baina garbi dago errealitate hori aldatu dadin lanean jarraitzea besterik ez dela geratzen».
Ondoren, «gizarte guztiarengan ekiten jarraitzearen garrantzia» nabarmendu du, eta bide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du Jimenezek, «berdintasuna oinarri eta lehentasuna delako guretzat». Baina aurten, adineko emakumeek jasaten duten indarkeria ikusarazi nahi dute azaroaren 25aren aitzakian, «indarkeria ikusezina izaten delako gehienetan».
Mahai gainean jarri duen errealitatearen larritasuna ulertzeko, Gurutze Gorriak egin duen ikerketak jasotzen dituen datuak aurkeztu ditu: «65 urtetik gorakoen %40ak tratu txar fisiko, psikologiko, ekonomiko edo sexualak jasan ditu». Gurutze Gorriaren ikerketaren arabera, «%27ak, 20-30 urtetan zehar jasan izan dutela biolentzia hori, eta %70etik gora, seme-alaben aurrean». Datu gehiago ere azaleratu ditu, izan ere, momenturen batean hilko zituzten beldur izan ote ziren galderaren aurrean, «%35ak baietz erantzun zuen».
Gauzak horrela, «oso garrantzitsua da emakume hauek jasan duten eta jasaten duten biolentzia horri heltzea, eta gizartea sentsibilizatzea eskuhartzeko».
Horregatik, bereziki adineko emakumeei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte. Azaroaren 24an, gune informatibo bat jarriko dute, Indarkeria matxistaren aurrean toki segurua lemapean, Emagin elkartearen eskutik. 10:00etatik 13:00etara egongo dira, Barretxe parean.
Azaroaren 25ean berriz, Indarkeria matxista zahartzaroan. Ikusten ez dena ikusaraztea hitzaldia izango da Zuhaizti gizarte zentroan, 17:00etan hasita. Emagin elkarteko kideek emango dute hitzaldia.
Egun berean, elkarretaratzea egingo dute, Plaza Nagusian, 18:30ean, Ordiziako Koordinadora Feministak deituta, eta Urrup antzerki taldeak performance bat egingo du.
Gainera, abenduaren 4an, autodefentsa feminista tailerra egingo dute, Jabekuntza Eskolan.
Puntu lila leihoan
Emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurka, puntu lila leihoetan jartzeko deia ere egin dute. Ordiziako Udalak herriko etxebizitza guztietara bidaliko du puntu lila duen eskuorria, non azaroaren 25aren inguruan antolatu duten egitarau osoa ere ikus daitekeen.
Egitaraua
AZAROAK 24
10:00-13:00. Gune informatiboa. Barretxe parean, azokan.AZAROAK 25
17:00. Indarkeria matxista zahartzaroan. Ikusten ez den ikusarazteahitzaldia, Zuhaizti gizarte zentroan.
18:30. Elkarretaratzea eta Urrup antzerki taldearen performancea, Plaza Nagusian.ABENDUAREN 4AN
10:00-14:00 eta 16:00-20:00. Autodefentsa feminista tailerra, Jabekuntza Eskolan.