Covid izurriaren gorakadan, udalen gain utzi du jaurlaritzak neurri hartzea
Intzidentzia metatuaren tasa 150 kasutik igotzen denean, «neurri osagarriak» aplikatu beharko dituzte udalek. Ekitaldi jendetsuak debekatu edo atzerarazi ahalko dituzte
«Ez goaz ondo». Koronabirusaren izurritearen goranzko joerak kezkatuta, mezu hori eman du Eusko Jaurlaritzak. Azken asteetan COVID-19arekin positibo eman duten herritarren kopurua igo egin dela eta, «neurri osagarriak» hartzea beharrezko ikusi du. Osasun Sailak gaur argitaratuko du agindua. Goierriko herri askori eragin diezaieke.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzo aurreratu zuenez, ordea, udalen esku utziko du neurri horien beharra baloratzea eta aplikatzea bera. Jendea biltzen den ekitaldiak jarri dituzte jo-puntuan, bereziki jan eta edan egin daitezkeenak, maskara kentzea saihestu nahian.
Urriaren 6an argitaratutako neurri sortari, beste batzuk gehitu beharko zaizkio, gaurtik aurrera. Neurri prebentiboaak bete ezin diren tokietan, bereziki janari eta edari kontsumoa dagoenetan, eta maskara erabiltzen ez den lekuan, ekitaldiak edo jarduerak bertan behera utzi edo atzeratu beharko dira.
Neurria, 150 kasuren muga
Bestetik, arauak betetzen diren lekuetan ere, izan barruan nahiz kanpoan, neurriak indartu beharko dira. Publikoarentzat espazioa handitu beharko da, jende pilaketak aurreikusten direnean; jendearen joan-etorrien fluxua ziurtatzeko korridoreak ireki beharko dira; eta jan-edanaren salmenta edo kontsumo tokiak mugatuko dira. Ekitaldiak aire librean egitea lehenetsi behar da gainera, barruen ordez.
Azken bi asteetan eta 100.000 biztanleko Covid kasu positiboen tasa 150 kasura iristen denean, «erne» egoteko unea dela iritzi dio jaurlaritzak. Muga hori jarri du neurri osagarriak aplikatzeko. Edozein udalerritan, gainera, ez orain arte bezala 5.000 biztanletik gorakoetan bakarrik.
Osasun Saila astean bi alditan hasiko da txosten epidemiologikoa ateratzen: astelehenetan eta ostegunetan. Hor berrituko dituzte intzidentzia metatuaren datuak, eta 150etik igotzen diren udalerriek automatikoki aplikatu beharko dituzte arau berriak.
Egoera horretan daude, gaur-gaurkoz, Goierriko hamalau herri. Astelehenean ateratako txostenaren arabera, udalerri gehienek gainditzen dute eskualdean 150 kasuren intzidentzia.
Azoka eta festetan eragina
Kasu horietan neurria udalen gain utzi du jaurlaritzak. Atzo inork ez zuen neurri murriztailerik edo debekurik iragarri, oraindik. Aste honetan aztertuko dute hurrengo egunetan edo asteetan egitekoak diren ekitaldiekin zer eta nola gertatuko. Jaurlaritzaren gaurko ebazpena xeheki ikusi nahi dute, hasteko.
Santa Lutzi azoka dago, besteak beste, eragina jasan dezaketen ekitaldien artean. Urrian jada postuen %40 kentzea erabaki zuten Urretxuko eta Zumarragako udalek. Aste honetan erabakiko dute neurri zorrotzagorik beharko den.