Mikel Urdangarinek Beauvoirren eskutik heldu die gaur egungo gaiei
'Simone de Beauvoir, norbanakoa eta burujabetza' liburua kaleratu du. Beasaindarraren lehen liburua da. Jakin Irakurgaiak filosofia bildumako 49. alea da aldi berean
Mikel Urdangarin Irastorzak Simone de Beauvoir, norbanakoa eta burujabetza saiakera aurkeztu zuen herenegun, Donostiako liburutegi nagusian. Idazle, filosofo eta feminista frantziarraren Bigarren sexua lana oinarri hartuta beasaindarrak bere inguruan sumatzen dituen kezkak eta galderak erantzun ditu, duela 72 urte argitaratu arren gaurkotasunarekin lotura estua duela uste duelako: «Beauvoir nire birramona guztiak baino zertxobait zaharragoa zen. Baina uste dut nire birramonen eta birraitonen egoera ulertzeko ez ezik, beraien seme-alaben, biloben eta birbiloben egoera ulertzeko ere oso klabe interesgarriak eskaintzen dituela». Filosofiaren eta feminismoaren historian argitalpena «mugarria» izan zela esan zuen. «Lan ia-ia entziklopediko bat da. Ehunka orri ditu eta edukiz eta estiloz oso aberatsa da».
Ez da Beauvoir laburtzera mugatu. Bigarren zatian oinarri horretatik abiatuta egin diren sakontzeak aztertu ditu. «Kontuan izanda izugarri idatzi dela eta dena lantzea ezinezkoa dela», zehaztu zuen. Esan gehienak emakumeenak dira.
Urdangarinen lehen lana da. Baina, aldi berean, Jakin argitaletxearen Irakurgaiak bildumako 49. alea da. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak saiakera «bidaia eder» baten gisan definitu zuen. XX. mendearen erdialdera Beauvoirrek subjektu eredu hegemonikoa eta klasikoa zalantzan jarri zuenetik pitzadurek izan duten garapena ikusten dela azaldu zuen. «Arrakala horietatik formulatu daitezke mundu hau bizigarriagoa egingo duten proposamen politikoak», esan zuen.
Garai «gordinak»
Urdangarinek oraintxe bertan mahai gainean dauden hainbat eztabaidaren, ildoren eta korronteen borrokak ere jorratu ditu. Garai «bereziak» bizi ditugula esan zuen, «gordinak baina interesgarriak». «Normalitate berri baten atarian omen gaude. Ez dakit normalitate berria izango den ala normalitate zaharraren enegarren aldaera bat izango den. Baina hor sekulako borroka ekonomiko, kultural, sozial eta filosofiko bat dago», esan zuen. «Gizartearen antolaketan giltzarriak diren hainbat kontzeptu birdefinitu behar ditugu: normala zer izango den, askatasuna nola ulertuko dugun, bizitzako dimentsio esentzialak…». Filosofiatik ekarpen «interesgarriak» egin daitezkeela azpimarratu zuen.
Jakineko arduradunek munduko gaiak euskaraz eta emakumeen hitzetatik jasotzearen balioa nabarmendu zuten.