V. Xabier Azurmendi beka zabaldu dute, euskarazko ikerketa sustatzeko
Herriko musikari eta musika adierazpenak jasoko ditu ikerketa lanak. Abenduaren 4an amaituko da eskaerak aurkezteko epea, eta bekaren iraupena gehienez hamabi hilabetekoa izango da
Zegamako Udalak V. Xabier Azurmendi Beka zabaldu du. Euskarazko ikerketa sustatzeko eta Xabier Azurmendi zegamar olerkari, euskalari eta ikertzailea omentzeko beka deialdia da. Aurtengo ikerketa esparrua Zegamako musikari eta musika adierazpen ezberdinak jasoko dituen ikerketa lana izango da. Tartean, bertan landu daitezke musikariak, konpositoreak, bandak, abesbatzak edota instrumentu tradizionalak.
Proiektua, azterlana eta memoria euskaraz burutuko dira. Bekaren iraupena gehienez 12 hilabetekoa izango da beka esleitzen den egunetik hasita, eta zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da. Ikerketa lanak originala eta argitaratu gabea izan behar du. Banaka zein horretarako osatutako taldeetan egin daiteke eskaera. Taldeen kasuan, zuzendari arduradun bat izendatu beharko da. Ezinbestekoa da diplomatua edo goi mailako tituluduna izatea, eta C1 mailako euskarazko gaitasun agiria aurkeztu beharko da.
Interesa dutenek Zegamako Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dute dokumentazioa, espediente akademikoarekin, curriculum vitaearekin, titulazioekin eta gaiaren azalpenarekin. Proiektuaren azalpenak lanaren ikerketa esparrua, aurrekariak eta gaiaren gaur egungo egoera eta ikertzailearen edo taldearen aurreko esperientzia, materialak, helburuak eta lana garatzeko kronograma jasoko ditu, gehienez 10 orrialdetan. Eskatzaileen nortasun agirien fotokopia ere aurkeztuko da.
Aranzadiren lana
IV. Xabier Azurmendi beka Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologia lanen koordinatzaile diren Jexux Tapia, Manu Zeberio eta Alfredo Morazari egokitu zitzaien. Iraganera bidaia bat. San Adrian/Lizarrate tunela. 14.000 urtetako historia liburua izan zen bekaren emaitza, 2008tik bertan egindako arkeologia lanak jasotzen dituena.