Hurrengo astean hasiko dira Legazpiko tren geltoki berria egiteko lanak
Construcciones Moyua eta Cycasa Canteras eta Construcciones enpresa elkarteak egingo ditu, 3.907.467 euroko aurrekontuarekin eta 13 hilabeteko iraupenarekin.
Legazpiko Udalak jakinarazi duenez, datorren astean hasiko dira tren geltoki berria egiteko lanak. Hasteko, obra etxolak jarriko dituzte Geltoki hiribidean, eta ondorioz, gune horretako aparkalekuak kendu egingo dituzte. Obrek irauten duten bitartean, mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekua eta geltokira iristeko oinezkoentzako sarbidea bakarrik mantenduko dituzte.
Geltoki berria eraikitzeko lanak Construcciones Moyua eta Cycasa Canteras eta Construcciones enpresa elkarteak egingo ditu, 3.907.467 euroko aurrekontuarekin. Obrak 13 hilabete inguru iraungo du.
Proiektuak geltokirako eraikin berri bat altxatzea aurreikusten du, hilerrira joateko tunelaren inguruan. Eraikineko gune nagusia beheko solairuan egongo litzateke, eta bertatik bi nasetara igotzeko igogailuak eta eskailerak egingo dituzte. Trenbide parean, bidaiarientzako markesinak eta babesleku berriak egingo dituzte eta nasak handitu.