Santa Zezilia, aldatuta
Ohiko kontzertu bateratuaren ordez, kalean izango da aurtengo emanaldia, larunbatean. Txistulariek eta bandak kalejirak egingo dituzte, eta abesbatza eta errondaila Azokan arituko dira.
Legazpiko musika talde nagusiek gogoan izango dute berriz ere Santa Zezilia, musikarien zaindaria, eta larunbat iluntza izendatu dute horretarako. Osasun egoerak baldintzatuta, iaz bezala aurten ere ez dute ohiko kontzerturik egingo parrokian, baina Legazpi Musika Banda, Santikutz Abesbatza, Goiz Deia Txistulari Banda eta Alaitasuna Errondaila elkartu, eta herriko kaleetan, plazan eta Azokan arituko dira jotzen eta abesten.
Musika festa 18:00etan hasiko da, txistulariek eta bandak egingo dituzten kalejirekin. Ekitaldi nagusia 19:00etan izango da, plazan, udaletxe aurrean, eta dantzariek eta txistulariek eskainiko duten aurreskuaren ondoren, lau taldeek batera Legazpiko ereserkia abestuko dute. Abesbatzak eta errondailak gero Azokan egingo dute kontzertua.
Santa Zeziliako emanaldi hau urteko musika gertakari garrantzitsuenetakoa da Legazpin, eta udaleko Kultura sailak sustatutako Azaroan Musika programazioaren barruan kokatzen da.
Bi kalejira
Goiz Deia txistulari bandari «interesgarria» iruditu zaio Santa Zeziliako emanaldiaren formatu aldaketa. Iker Azpeitiak esan duenez, «jendea guregana erakarri beharrean, gu joango gara jendearengana, eta normalean entzuten ez gaituenak entzungo gaitu, eta nork daki, agian jendea ere erakarriko dugu txistura». Txistulariek Hegialden hasiko dute kalejira, Ane Arrizabalaga trikitilariak lagunduta, eta Santikutz kaletik behera joanda, Kale Nagusian eta Nafarroa kalean ibiliko dira gero, plazan amaitzeko. Bidean geldialdiak egingo dituzte, eta horietan jotzeko errepertorio hau aukeratu dute: Caballo prieto azabache, Eperrak, Don Martin, Xalbadorren heriotzean, Ardoaren dantza, Gogoaren baitan / Un beso y una flor, Habanera, Udaberrian, The final countdown eta Oroitzapena. Bidean biribilketak joko dituzte.
Kalejira egingo du baita ere Legazpi Musika Bandak, baina aurtengo emanaldiaren formatua «egoerak bultzatuta» aldatu dutela azaldu du Jesus Castillejo zuzendariak, «ez da gelditzeko etorri, gero itzuliko gara betiko kontzertura». Formatu bat edo bestea izan, helburua «herritarrei musika helaraztea» dela ere gehitu du. Bandaren kalejira San Ignazio auzotik abiatuko da, eta Itxaropen zeharkatu ondoren, iritsiko da herrigunera eta gero plazara, han herriko ereserkia denen artean interpretatzeko.
Azokako emanaldiak
Alaitasuna errondailak Azokan egingo du emanaldia, eta «penaz» hartu du Santa Zezilia elizan ez ospatzeak. Izan ere, Olatz Aranguren zuzendariak azaldu duenez, musika talde honen jarduna soka tresna eta ahotsekin osatzen da, eta «askoz hobeto entzuten da leku itxietan». Gainera udazkenean eta hezetasunarekin sokazko musika tresnak oso erraz desafinatzen zaizkie, «eta zailagoa egiten zaigu emanaldia».
Hala ere, egoera horri aurre egiteko prest daude, eta hauxe da prestatu duten egitaraua: Korsikako La valse de Girolata, Xabier Leteren Nafarroa arragoa, Maria Teresa Ver eta Guillermina Aranbururen Veinte años habanera, Greziako itsasontzia, Xalbadorren heriotzean, Mi casita de papel, Pottoka mendian eta taldearen klasikoa den Los amigos.
Santikutz Abesbatzak ere Azokan abestuko du, eta taldeak ikusmin pixka batekin hartu du emanaldiaren formatu aldaketa, «ondo egongo dela» uste du Marian Lasa zuzendariak. Pandemia hasi zenetik publikoaren aurrean abestuko duten lehen aldia izango da eta horregatik eguna iristeko «irrikitan» daudela gehitu du. Gobbo so pare, Can’t help falling in love, No llores por mi Argentina, Txoria txori eta Leonard Cohenen Aleluia abestuko dute.
Santa Zezilia ospakizuna
AZAROAK 20, LARUNBATA
Kalejira. 18:00etan, Goiz Deia Txistulari Banda eta Legazpi Musika Banda.
Ekitaldi nagusia. 19:00etan, udaletxe aurrealdean. Txistulariekin eta Sustraiak eta Korostiko dantzariekin, aurreskua, eta ondoren, Legazpiko ereserkia musika bandarekin, txistulariekin, Santikutz abesbatzarekin eta Alaitasuna errondailarekin.
Emanaldi partekatua. 19:15ean, Azokan, abesbatzarekin eta errondailarekin.AZAROAK 22, ASTELEHENA
Doinua Musika Eskolako ekitaldiak. Bertan behera geratu dira Azokako emanaldia eta txokolate jana.