Brinkolako Arriurdinen eskutik, Biziola egitasmoa eta ibaien kontserbazioa hizpide hurrengo astean
Auzoko Saloian hitzaldi bana izango dira, asteartean Biziolarena eta ostegunean ibaien ingurukoa.
Brinkolako Arriurdin elkarteak bi hitzaldi antolatu ditu datorren asterako, Biziola egitasmoari buruzkoa bat, eta ibaien kontserbazioari buruzkoa bestea. Brinkolan bertan izango dira bi hitzaldiak, elkartearen egoitza den Saloian.
Biziola egitasmoa aurkezteko asmoz egingo den hitzaldia izango da lehena, asteartean, hilak 23, 17:00etan. Denontzat etorkizun bizigarriak eraikitzen izenburupean, Goierrin ekonomia sozial eraldatzailearen balioetan lanean dabiltzan proiektuak saretu eta gizarteko gainontzeko herritar eta eragileekin batera eskualdean eraldaketa soziala bultzatzeko sortu den Biziola egitasmoaren berri emango dute.
Hurrengo hitzaldia bi egunetara izango da, ostegunean, hilak 25, 19:00etan. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle den Arturo Elosegik egingo du, Euskal Herriko ibaien kontserbazioa izenburupean. Ibaien lehengo eta gaurko egoeraz hitz egingo du, egungoan sakonduz: sortu diren kutsatzaile berriak, degradatutako habitat fisikoa, zenbait espezieren gainbehera… Ibaiek gizartearentzat duten garrantziaz ere hitz egingo du Elosegik, eta ekosistema horien dibertsitatea eta funtzionamentua berreskuratzeko egin behar den lan handia jarriko du mahai gainean.