Iker Piris, Bidaide eta Ispirit, Legazpiko Azaroan Musikaren azken txanpan
Hiru emanaldi proposatzen ditu musika programazioak, ostiralean hasi eta igandera arte. Hiru kontzertuak Latxartegi aretoan izango dira.
Legazpiko Azaroan Musika azken txanpara iritsi da, eta hilabete osoan eskaini duen programa ixteko hiru hitzordu proposatu ditu ostiralean hasi eta igandera arte. Hiru emanaldiak Latxartegi aretoan izango dira.
Ostiralean Iker Piris & His Dual Electras taldearen emanaldia izango da, 19:00etan. Doinua Musika Eskolan gitarrako irakasle den Iker Piris tolosarra bere formazio berriarekin aurkeztuko da Latxartegin, batez ere blues doinuak eskaintzeko.
Hurrengo egunean Bidaide laukote klasikoaren txanda izango da. Laukote gaztea da Bidaide, eta biolina, biolontxeloa, akordeoia eta perkusioa ditu oinarrian. Musikenen hasi zuen talde ibilbidea, eta Legazpiko emanaldian, klasikotik pixka bat urrundu eta folk doinuak eskainiko ditu. Emanaldi hau ere 19:00etan izango da.
Azkenik, eta Azaroan Musika ixteko, Ispirit taldearen kontzertua izango da, igandean, 12:30ean. Gospel doinuak eskainiko du Ispirit hirukoteak, hiru emakumezko ahots indartsurekin. 2019an parrokian egin zuten emanaldia, eta oso arrakastatsua izan zen