Ipuin laburren lehiaketa martxan , haurren aurrean euskaraz egiteko eskatuz
'Haurren aurrean helduok heldu' kanpaina girotzeko antolatu du Euskarak 365 Egun Batzordeak. Ostiraleko bertso saioarekin hasi da kanpaina Legazpin. Lehiaketan parte hartzeko epea, 28ra arte
Legazpin ere martxan da atzotik abenduaren 5era arte gauzatuko den Haurren aurrean helduok heldu kanpaina. Euskalzaleen Topaguneak sustatuta, euskararen erabilera aktibatzeko helburua du, fokua helduak haurrekin dauden uneetan jarrita.
Kanpaina Euskal Herri osoan garatuko da, eta Legazpin Euskarak 365 Egun batzordeak dinamizatuko du. Joan den ostiralean Bertso-olariak elkarteak sustatuta Latxartegin egin zuten bertso saioarekin abiatu zen, eta «ipuin labur-labur-laburren lehiaketa» izango du ardatzetako bat.
Ipuin labur-labur-laburrak
Ipuin labur-labur-laburren le- hiaketaren bigarren edizioa izango da aurtengoa, eta kanpainaren helburuaren hariari helduz, Gure zaintzaileek euskaraz badakite baina… da gaia.
Aurten binaka edo taldeka parte hartu beharko da, eta oinarrietan jasotzen denez, «parte hartzaileetako baten agiriren batek Legazpi hitza izan beharko du». Kideetako batek, gainera, 16 urtetik gora izan beharko ditu. Gehienez 11 lerro idatzi ahal izango dira, eta testua laguntzeko marrazkiak egin ahal izango dira. Ipuina eskuz idatzi beharko da, edozein euskarritan.
Ipuinak entregatzeko epea azaroaren 28an amaituko da, eta horretarako Kale Nagusian eta Laubiden jarritako #Euskarak365egun ontzian utzi beharko dira. Epaimahaia Legazpiko sortzaileek osatuko dute, eta herriko dendetan gastatzeko 100 euroko bonua izango da saria. Sariduna Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan egingo den ekintaldian jakinaraziko da.
Ipuin labur-labur-laburren lehiaketaren lehen edizioa iaz egun zen, Euskaraldiaren bigarren saioan. Orduan 105 ipuin aurkeztu zituzten.
Ariketarako guneak
Haurren aurrean helduei euskaraz egiteko eskatu zaie aurten, eta «eskola orduz kanpo haurraren zaintzaz arduratzen direnei» zuzenduta dago, «izan kontratatu, lagun, guraso, senide, irakasle, begirale, entrenatzaile…».
Legazpin haur parkeetan (futbol zelai ondoan, eliza atzealdean, BM parean eta Laubiden), Latxartegi parkean, Laubideko kale nagusian eta Domingo Agirre eskolako jolastokian jarriko dute arreta berezia.