Lantzeko inauteria prestatzen hasi da Sustraiak dantza taldea
Ikastaroak asteazken iluntzetan eta larunbat arratsaldetan izango dira. Konpartsa hurrengo urteko otsailaren 27an kaleratuko dute.
Sustraiak dantza taldea jarri da dagoeneko hurrengo inauteriei begira, eta bihar hasiko ditu 2022ko otsailaren 27an kaleratuko duen konpartsarako entseguak. Lantzeko inauteria aukeratu du dantza taldeak oraingoan, aurretik ere Legazpin erakutsitakoa, 2008an eta 2014an, besteak beste.
Konpartsa prestatzeko ikastaroa bihar hasiko da eta entseguak asteazkenetan 20:15ean eta larunbatetan 17:00etan izango dira. Parte hartu nahi duenak egun eta ordu horietan dantza taldeak Kultur Etxeko eraikinean duen lokalera joan behar du.
Hurrengo urteko Inauteri igandeko konpartsan dantzatuko diren Lantzeko Zortzikoa eta Berako Mutil Dantza ikasiko dituzte partaideek.