Salazarren ondarea, herriarentzat
Tomas Salazar zenak egindako ehundik gora mendi ibilbideren mapa kartografikoak Aizkorri mendizale elkartearen webgunean zabaldu dituzte interesa duen orok deskargatzeko moduan.
Mendizaletasuna. Horixe izan zuen bizitzaren ipar Tomas Salazar Satrustegik (Iruñea, 1938/Beasain, 2020). Bai mendiaz gozatzeko, baita gozarazteko ere. Beasaingo Aizkorri mendizale elkartearen ikur, gaztetxoenen artean mendiarekiko zaletasuna zabaltzeko lan nekaezina egin zuen, ekosistema horrek beregan sortzen zituen balioak transmitituz. Iazko abenduaren 27an hil zen, baina hark urratutako bideak inoiz baino biziagoa jarraitzen du.
Errotulu margolaria lanbidez, egindako ibilbideak mapa kartografiko bihurtzeko aparteko abilezia zuen Salazarrek. Mendizaletasunarekiko zuen pasio hori islatzen da marrazki horietan, eta ondare hori herritar guztien eskura jartzeko lanean aritu dira Salazarren familia eta Aizkorri mendizale elkartea. Denak digitalizatu ondoren, webgune berritu batean jarri dituzte eskuragarri: tomasaizkorrikobira.com.
Eskuz eta zehatz eginak
Igartzako jauregiaren goiko solairuko aretoa bete-bete eginda zela egin zen aurkezpena joan den larunbatean. Pandemiaren eraginez bere egunean egin ez zitzaion aitortza egiteko eguna izan zen. Ion Loiarte elkarteko lehendakariak egin zuen Salazarren lanen aurkezpena: «Zehaztasun handiko mapa kartografikoak dira. Ibilbideaz gain, gurutzeak, zubiak, mugarriak… markatuta daude, orientatzeko; iturriak eta merenderoak, ere bai, indarrak berreskuratzeko; paisaiaren deskribapenak eta iraupenak ere agertzen dira». Ion Sarriegi elkarteko kideak, berriz, Innovatek enpresak garatutako webgune berrituaren xehetasunak azaldu zituen.
‘Super 8’-ko grabazioak
Salazarrek 1977 eta 1984. urteetan egindako bi ibilaldiren Super 8 formatuko grabazioak aurkezpenaren bukaerarako gorde zituzten: San Adrianen egindako kanpaldi batekoa eta Usurben finalisten egun batekoa. Xarma handiko eta oroitzapen ugariko irudiak bai, baina ezin izan ziren denak espero bezala erakutsi ahal izan. Horiek digitalizatu, eta denen eskura jartzeko asmoa badute ordea, horixe baita Tomas Salazarrek nahiko zukeena.
- Tomas Salazarrek egindako mapak deskargatzeko:
tomasaizkorrikobira.com