Kaxakadak, Greziako errefuxiatuei bidaltzeko
Hotz Legazpik egindako elkartasun deialdiak oso erantzun ona izan du. 65 kaxa elikagai eta 148 kaxa oinetako bildu dituzte. Diru ekarpenak ere egin daitezke, herriko lau senegaldar laguntzeko
Hotz Legazpi elkartea «hunkituta» dago larunbat goizean Azokan eta Hegialden egindako elikagai eta neguko oinetako bilketaren emaitzarekin. «Bakoitzak jarri duzuen aletxoarekin uzta bikaina lortu dugu», argitaratu zuen arratsaldean Facebook-en herriari eskerrak emateko. «Gurekin lanean egon zaretenei, zuen dohaintza eskaini duzuenei, guregana hurbildu zaretenei, jasotakoa garraiatzen lagundu duzuenei… mila, mila esker, bihotz-bihotzez».
Legazpiarren elkartasunak zenbaki hauek utzi ditu: 65 kaxa bete janari eta 148 kaxakada neguko oin?etako. Greziako Lesbos uhartean eta Atenasen dauden errefuxiatuen kanpalekuetara bidaliko dituzte orain, han lanean ari diren Zaporeak eta Red SOS Refugiados erakundeen bitartez. «Greziatik iritsi den eskaerari aurre egin diogu».
Hain zuzen, horixe nabarmendu nahi dute Hotz Legazpiko kideek, larunbatean jasotakoa handik, Greziatik, iritsitako beharren zerrendari aurre egiteko dela, «nahiz eta guri hemendik iruditu beste gauza batzuk ere ondo etorriko zaiela».
Dirua ere bildu zuten larunbatean itsulapikoetan, eta Rural Kutxan irekita duten kontuaren zenbakia ere banatu zuten: ES69 3008 0210 10 3303307719. Diru hori garraioaren kostua ordaintzeko izango da.
Senegaldarrei laguntza
Beste erabilera bat ere izango du Hotz Legazpiren kontuan sartzen den diruak. Izan ere, elkarte horrek badu beste elkartasun proiektu bat esku artean, eta horretara ere bideratuko da legazpiarren ekarpen ekonomikoa. Herrian bizi diren lau senegaldarren formakuntzan laguntzea da helburua, Omar Lo, Ngagne Ngiaye eta Ngagne Diop biltegiratze eta logistika ikastaro batean ari dira parte hartzen Tolosan, eta Mor Mbathie Urretxun dabil, Leire Santillanen Ur Lantokian, patroigintza industriala ikasten.
Mor joskina da eta azken hilabeteetan alboratuta du kaleko salmenta, baina bere hiru kideek horrekin ateratzen dute bizimodua. Orain, ikasten ari direnean ezin dute lan egin eta diru sarrera gutxiago dute. Horretarako da, hain zuzen, Hotz Legazpik eskatzen duen laguntza, ikasten ari direnean irabazten ez dutena konpentsatzeko, eta formakuntza zentrora joateko bidaiak ordaintzeko.