Atzegizaleen figura sortu zenetik 20 urte bete direnean, Atzegik aitortza egin nahi izan die lanean aritutakoei, aurtengo kontzientziazio kanpainarekin batera.
Adimen desgaitasuna dutenekiko jarrera positiboa erakusten dutenak Atzegizaleak dira. Figura hori sortu eta 20 urtera, Atzegik aitortza egin nahi die pertsona guzti horiei aurtengo sentsibilizazio kanpainan. Atzo aurkeztu zuten Legazpin kanpaina, «Agian zu ere Atzegizalea zara…» lelopean. Elkartearen 60 urteak ospatzeko abenduaren 20an Kursaalen egingo den ekitaldiaren berri ere eman zuten, hor ere Atzegizalea izango delako protagonista nagusia.
Txolarten egin zuten aurkezpena Atzegiko kide den Angel Lopezek eta Atzegiko teknikaria den Ion Tapizek. Aurtengo kanpainaren helburua Atzegizalea bistaratzea dela azaldu zuten biek, eta edonor, konturatu gabe ere, izan daiteekela Atzegizale nabarmendu zuten. Desgaitasun psikikoa dutenekiko jarrera atseginean eta baikorrean datza figura horrek, eta Atzegikoekin lan egiten duten boluntarioekin zerikusirik ez duela aipatu zuten, «jarrera kontua da, desgaitasuna dutenen bizitza errazagoa egiten laguntzen duena, garraioan, aisialdian, lanean…».
Haritz Artzelusen esperientzia
Atzegizale batek lagundu zien gero figura hori zer den azaltzen. Katilu tabernan zerbitzari gisa lan egiten duen Haritz Artzelusek horrela laburtu zuen bera zergatik den Atzegizale: «Ni zerbitzaria naiz, eta nire lana bezeroak zerbitzatzea da. Eta emakume nagusi bati kafea maharia eramaten laguntzen diodan bezala, pazientzia pixka bat dut eskatzeko edo ordaintzeko denbora eta konzentrazio gehiago behar dutenekin, edo muga fisikoak dituztenekin. Asteburuan neska-mutik talde bat etortzen da tabernara, eta horiekin zehazki jarraibide batzuk ditut: zuzenean hitz egiten diet, norberaren izena erabilita, eta esaldi laburrak eta prozesatzeko errazak erabiltzen ditut. Gainera, kanbioekin eta txanponekin lan pixka bat egin dezaten ere gustatzen zait. Oso oinarrizko gauzak dira. Alai eta pozik egon daitezen ere saiatzen naiz, horrela daudenean energia desberdina trasmititzen dizutelako. Atzegizale izatea gizatasunarekin jokatzea besterik ez da».