Genero indarkeriaren aurka borrokatzeko 10.000 euro Legazpiko Udalarentzat
Oskar Valbuena bozeramale sozialistak eman du Estatuaren diru laguntza horren berri. Besteak beste, berdintasunean hezteko eta prestatzeko tailerrak eta kanpainak bultzatu ahal izango ditu udalak diru horrekin.
Legazpiko Udalak 10.000 euro baino gehiago jasoko ditu genero indarkeriaren aurka borrokatzeko ekimenak finantzatzeko, Oscar Valbuena bozeramale sozialistak jakinarazi duenez, eta diru publiko hori jasotzea “albiste oso ona” dela adierazi du.
Valbuenak azaldu duenez, Pedro Sanchezen Gobernuak 33.994,85 euro emango dizkie Urola Garaiko lau udalerriei Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Ituna garatzeko, eta horietatik zehazki 10.181,45 euro Legazpiri dagozkio. Diru publikoaren kargura finantzatutako programak 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean gauzatu beharko dira.
Bozeramale sozialistaren ustez, “garrantzitsua da genero indarkeriari aurre egiteko konpromisoa hartzea”, eta ildo horretan, Espainiako Gobernuak toki erakundeei 2022an aurten baino diru laguntza kopuru bikoitza bideratuko diela azpimarratu du. “Udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, hots, genero indarkeriaren biktima ikusten eta atzematen dutenak”. Horregatik, ziur dago Pedro Sanchezen gobernuaren estrategiak indarkeria horren aurkako borroka bultzatzen duela.
Diru publiko horrek Legazpiko Udalari “aukera gehiago emango dio baliabide eta tresna gehiago eskaintzeko genero indarkeria desagerrarazteko”. Mankomunitateko Berdintasun Sailarekin lankidetzan, udalak berdintasunean hezteko eta prestatzeko tailerrak eta kanpainak bultzatu ahal izango dituela aipatu du Valbuenak. “Halaber, udalerrian seinale morea ezarri ahal izango da, eta M8 eta A25erako ekitaldiak indartu ere bai”.
Azkenik, Valbuenak azaldu du Urola Garaiko Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzutik egiten den aholkularitza juridikoa eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei arreta emateko aholkularitza psikologikoa ere indartuko direla Ituneko diru funts horiekin. Gainera, “Eskualdeko Berdintasunerako Hirugarren Plana eztabaidatzen ari garen honetan, diru publiko horri esker bultzada handia emango diogu”.