«MotoGPra iristeko pauso egokia eman dudala uste dut»
Europako txapelketa hirugarren postuan amaitu berri du Valentzian, eta hurrengo urtean junior mailako mundukoan lehiatuko da MTA talde italiarrarekin. Erronka berriari heltzeko gogotsu dago.
Pozik egongo zara emaitzarekin, ezta?
Denboraldia ikaragarria izan da. Hasi zenean esan izan balidate Hawkers European Talent Cup irabaztear egongo nintzela, ez nuen sinetsiko! Eta hirugarren postuarekin oso pozik nago.
Nolako lasterketak izan dira Valentziakoak?
Valentziara txapelketa irabazteko aukerekin iritsi nintzen asteburuan, eta lehenengoan hirugarren postua lortu nuen. Baina bigarrenean, azkenean, gauzak okertu egin ziren. Lasterketa irabaztear nengoela, azken itzulian, nire taldekidearekin tupust egin nuen eta pistatik atera ginen biok. Horrekin, irabazteko aukera guztiak galdu nituen eta zortzigarren amaitu nuen. Hala ere, Europako txapelketan hirugarren postua mantentzea lortu nuen.
Zein da denboraldiaren balorazioa?
Oso denboraldi erregularra izan da. Gero eta hobeto sentitu naiz motorraren gainean, eta emaitzak hobetzen joan dira denboraldia aurrera joan ahala. Hori dela eta, bost podium lortu ditut, eta horien artean bi garaipen ere bai, oso inportanteak izan direnak niretzat.
Europa mailako podium hau lortuta, zein duzu gogoan?
Lagundu ditaten guztiak. Hasteko, nire familia, hor egon delako beti. Nire babesleak ere bai, nola ez, babeslerik gabe ezin izango nukeelako mundu honetan jarraitu, eta baita nire jarraitzaile guztiak ere.
Jarraitzaile asko dituzu.
Bai, batez ere Legazpin, fan kluba eta guzti daukat, eta Euskal Herri osoan ere bai. Jarraitzaile horietako batzuk txapelketako azken lasterketetara Valentziaraino joan direla ikusteak izugarrizko poza eman dit. Eskerrik asko guztiei!
Orain hurrengo denboraldiari begira jarrita zaude. Munduko txapelketa jokatuko duzu.
Bai, eta denboraldi hori erabakigarria izango da nire helburua lortzeko, hau da, Moto GPra iristeko, moto lasterketen konpetizioko maila gorenera. Orain, azken denboraldiko Cuna de Campeones talde valentziarra utzi dut eta MTA talde italiarrera joango naiz. Horren babesarekin Moto3 Junior Mundialean parte hartuko dut.
Zer sentitzen da horrelako saltoa emanda?
Oso gogotsu nago eta ahalik eta azkarren hasi nahi dut beraiekin lanean. Talde handi batera noa, eta MotoGPra iristeko pauso egokia eman dudala uste dut.
Nondik nora ibiliko zara?
Munduko txapelketan zortzi lasterketa izango dira, hiru herrialdetan banatuta. Portugalen, Espainian eta Italian ibiliko naiz. Gastuak handiagoak izango dira, eta babesletza handitu beharrean nago. Ea lortzen ditudan babesle gehiago.