Aldarria ez dezala urak eraman
Goierriko indarkeria matxistaren aurkako hamaika elkarretaratze egin ziren atzo. Agintariek neurriak iragarri zituzten baina eragileek ekintzak eskatu zizkieten.
Ikur moreak soinean goierritar asko kalera irten ziren atzo, indarkeria matxista gaitzesteko. Goizean ikasleak mobilizatu ziren, eta arratsaldean herrietako asanbladek, elkarte feministek eta udalek egin zituzten elkarretaratzeak. Jendetsuak izan ziren orokorrean, berdintasun aldeko aldarriak gizartean duen kontsentsuaren adierazgarri. Gora borroka feminista izan zen gehien errepikatu zen leloa.
Mezu ofizialistak «emakumeen aurkako indarkeria betiko amaitzeko baliabidez hornitutako plan integralak» aldarrikatu zuen. Horra atxikitu ziren instituzio gehienak, Emakunde eta hainbat udal, kasu. Neurriak «premiazkoak» direla nabarmendu zuten. Mugimendu Feministak hitzetatik ekintzetara egiteko eskatu zuen: «Ez dugu benetako neurri eraginkorrik eta aurrekonturik gabeko berdintasun politika hutsalik onartuko, ezta zerbitzu publikoen prekarizaziorik ere. Promesa faltsuetaz nazkatuta gaude», ohartarazi zuten; Neskak Gazteakek ere sistema patriarkal-kapitalistaren erroetara jo gabe txapa morea janztea aurpegi zuritzea besterik ez dela leporatu zieten agintariei; Itaia sareak ere bide beretik egin zuen eguneko irakurketa.
Mugimendu Feministak «politika feministak, prebentzioan sakontzeko baliabide pedagogikoak eta jendarte osoaren ardura» exijitu zuen; «Egiturazko arazo baten aurrean gaude eta aldaketa kulturalak behar dira. Baina aldaketak gizarte berri baten fundamentu etikoa izan behar dute eta ez zaharrean sakontzeko tresna», adierazi zuten Itaiakoek. Ordiziako Kimetz Elkarteak ere manifestazioak hausnarketa sakonagoa egiteko erabiltzeko eskatu zuen.
Fisikoa baino gehiago
Mezu guztiek nabarmendu zuten indarkeria matxista heriotzetara mugatzea akatsa dela. Arazoa are handiagoa dela ohartarazi zuten. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko botere harremanak, gorroto mezuak, gizarteak ezartzen dituen edertasun ereduak… ere indarkeria direla aipatu zuten. Eta pandemiaren aitzakian egoera larritu egin denaren sentsazioa dute alde guztiek. «Jendarte hau jasangaitza da emakume eta genero disidenteontzat», baieztatu zuen Mugimendu Feministak.