Euskalduntze berantiarra hizpide
Luis Mari Zalduak 'Euskalduntze berantiarraren teoriaz' hitzaldia egingo du asteartean, Anduetza parketxean. Aurrez izena eman behar da parketxera deituta edo idatzita
Luis Mari Zaldua Gipuzkoako parketxe sarea fundazioko zuzendari eta Euskaltzain urgazleak hitzaldia eskainiko du datorren asteartean Zegamako Anduetza parketxean, 19:00etan. Euskalduntze berantiarraren teoria izango du mintzagai Zalduak, eta Zegaman euskaraz noiztik hitz egiten den entzuteko aukera izango dute parte hartzaileek. Doako hitzaldia izango da, eta talde txikia izango denez, aurrez izena eman behar dute interesa dutenek, Anduetza parketxera deituta edo idatzita.
Euskara Euskal Herriko zenbait eremutara Antzinaroaren amaieran heldu zenaren teoria gaur egun bizirik dirau. Anduetza parketxeak zabaldutako ohar batean azaldu duenez, Arnaut Oihenart zuberotarra izan zen «euskara ondoko lurraldeetara nafarrek Erdi Aroaren hasmentan eraman zutela iritzi zuen aurrenekoa». Egungo euskalari asko ez datoz bat teoria horrekin, «eta uste dute erromatarren denboran euskaldunak hemen bizi ginela». Zalantza horiek izango dira hitzaldiaren muina datorren asteartean.