Igartza Musika Bekadun izateko, sekula baino hautagai gehiago
25 musikari arituko dira. Zortzi herrialde ezberdinetako musikariak igoko dira oholtara, baina ez da goierritarrik izango
Igartza Musika Bekara aurreko bost edizioetan baino musikari gehiagok aurkeztu dute euren burua. 25ek, zehazki. Hamahiru gradu-mailako ikasleak izango dira eta gainerakoak, master-mailakoak. Bihar izango dira entzunaldi irekiak, Igartzako Jauregian. 09:00etan hasiko dira eta 20:45etan iragarriko dute garaileak nortzuk izan diren. Gradu mailako bekadunak 2.000 euroko saria jasoko du eta Master bekadunak, 3.000 euro. Pierre de Maistre, Javier Juanco, Mari Jose Cano eta Arantxa Gastesi izango dira epaileak.
Zortzi herrialde ezberdinetako musikariak igoko dira oholtzara. Tartean euskal herritarrak egon badauden arren, goierritarrik ez da arituko. Halere, Beasaingo Udalak nabarmendu du beasaindarrak onuradunak izango direla "zalantzarik gabe". "Talentu handiko" musikariak Beasainen entzuteko aukera izango dela azpimarratu dute; gainera, bekadunek datorren urteko Igartza Musika zikloan kontzertu bat eskaintzeko konpromisoa hartuko dute.
Musika sustatzeko helburuarekin sortutako beka
Beasaingo Udalak Musika sustatzeko helburuarekin sortu zuen beka hau 2016. urtean, Musikenerekin sinatutako lankidetzaren harira. Kultura arloan musikarekin lotura duen egitasmo "nagusienetakoa" dela nabarmendu dute udaletik.