Iker Piris, Bidaide eta Ispirit taldea, Azaroan Musika programa ixteko
Asteburu betea izango da Legazpin, zuzeneko musika saioei dagokionean. Gaur, Legazpin oso ezaguna den Iker Piris gitarrajolea ariko da, taldearekin.
Azaroan Musika programa amaierara iritsi da, eta hilabete osoan zehar eskaini duen musika emanaldi sorta ixteko hiru hitzordu jarri ditu astebururako. Hiru kontzertuak Latxartegi aretoan izango dira.
Gaur legazpiar askoren ezagun bat izango da oholtza gainean, Doinua Musika Eskolako gitarra irakaslea den Iker Piris. Iker Piris & His Dual Electras taldearekin lantzen duen blues musikaz gozatzeko aukera izango da emanaldian, 19:00etan.
Bihar Bidaide laukote klasikoaren txanda izango da. Biolina, biolontxeloa, akordeoia eta perkusioa ditu oinarrian bere ibilbidea Musikenen abiatu zuen talde gazte honek. Latxartegiko emanaldian, klasikotik pixka bat urrundu eta folk doinuak eskainiko ditu. Kontzertu hau ere 19:00etan izango da.
Azkenik, eta Azaroan Musikari amaiera emanez, Ispirit taldearen kontzertua izango da, igandean, 12:30ean. Gospel doinuak eskainiko ditu hirukote honek, hiru emakumezko ahots indartsurekin.