«Pandemiako une oso txar batean terapia gisa hasi nintzen idazten»
Iruñea Hiria poesia saria irabazi ondoren, liburu eran argitaratu du 'Eripoemia' olerki bilduma Lierni Azkargortak (Lazkao, 1979). Gaixotasuna eta poesia odolean sartu ditu.
Uztailean jakin eta urrian jaso duzu Iruñea Hiria poesia saria. Liburua eskuan, zer sentipen?
Sari ekonomikoa beti etortzen da ondo, baina ilusiorik handiena nire poesiak liburu eran ateratzea da. Lehenengo liburua dut; beste sari batzuk irabaziak ditut, gehienak ipuinekin, eta beste egile batzuekin batera argitaratu zituzten. Baina nire lan bakar bezala lehenengoa da. Poz handia ematen du, irakurria izateko aukera bat delako.
Saritua zara, eta aspalditik.
Idazteko ohitura betidanik izan dut. Umetan egunerokoa idazten hasi nintzen, eta unibertsitatean ipuin batzuk idatzi eta lehiaketetara aurkeztu nituen. Sari batzuk irabazi ere bai. Gero, lanean hasi, ama izan, eta denbora faltagatik idazteari utzi nion urte batzuetan. Gogoa banuen, denborarik ez. Orain hiru urte hasi nintzen berriz idazten.
Iaz Lasarten ipuin saria, aurten Iruñean. Indartsu itzuli zara.
Osasun arazoekin hasi nintzen, eta bizitzako erritmo azkar hura puskatu zitzaidan erabat. Une oso txarrean, terapia bezala hasi nintzen idazten. Gezurra dirudi, baina txarrean ona atera liteke.
Erizaina zara lanbidez. Covid pandemiak eragingo zizun.
Bai, bi planotan. Eta liburuan islatzen da, oso argi ikusten da erizain begirada. Pandemiarekin oso gaizki pasatu dugu profesionalki. Bestela ere, lan honetan heriotzatik, egoera gogorretatik eta minetik oso gertu gaude. Hausnartzekoa eta zer pentsatu handia ematen dit. Bestetik, gaixotu naizelako ere eragin dit.
Idaztea terapia suertatu zaizu. Zertan edo nola?
Emozioak nola edo hala ateratzeko. Poesia oso librea da, eta ezerk baino hobeto uzten du barrukoa ateratzen. Hizkuntzaren mugengatik, emozio batzuk hitzez deskribatzea ia ezinezkoa da, baina poesia bidez egin liteke. Norbaiti kontatzen ariko banintzaio bezala idazten dut. Niri lasaitu moduko bat ematen dit.
‘Eripoemia’ izenburua bera asmatzetik hasi zara?
Nik asmatutakoa da. Eri- gaixotasunaren erroa da (erizain, erietxe…), –poe-, poesiarena. Eta emia osasungintzako atzizkia da (gluzemia, alkoholemia…): odolean dabiltzan elementuen berri ematen du. Eripoemia izango litzateke gaixotasuna eta poesia odolean. Hitz-joko horrek liburuan zer etorriko den pista bat ematen du, tematika edo gaitzat.
Nola egituratu duzu liburua?
Liburu batean bakoitzak bere mundua eraikitzen du. Hiru garai bildu ditut, eta osasungintzako enbrioi-geruzen irudia erabili dut. Enbrioia formatzen hasten denean hiru geruza sortzen dira lehendabizi, eta gero hiru horiek izango dira organo guztiak eta gorputza eratuko dutenak. Ektodermia garaikidea, kanpokoaz; oso gaixo dagoen gizarteari egindako poemak. Erizain begirada garbi ikusten da hor. Inperio mesodermikoa, erdikoa, gorputz barrura bidaia da. Eta barruko geruza edo hirugarren garaia endodermia arkaikoa da, sentimendu eta pentsamendu erreinua, emozioak eta psikologia.
Gizarte gaixotu horri zer mezu bidali diozu?
Erizain atmosfera ikusten da. Ez dut sartu nahi izan pandemian askorik. Soilik lehen poema gogor batean islatu dut, eta erizaintza munduko giroa ikusten da. Atalik kritikoena hori izango da.
Ikuspegi hori pandemia garaikoa ala aurretikoa duzu?
Pandemia honek asko eragin dit. Liburuaren hasieran eskaintza bat dago: «bizitza ez bada osasuna galdu duten erizainei». Tartean, neroni, osasuna galdu baitut eta asko kostatzen ari zait errekuperatzea. Erizainek asko sufritu dugu, eta islatu nahi nuen.
Poesiaren askatasuna defendatzen duzunez, mezua ere libre utzi duzu hartzailearentzat?
Asko arduratzen gara poesia ulertu beharraz; ez dago ulertu beharrik, irakurri eta bakoitzari iradokitzen diona da. Hori da politena. Badakit poema nahiko gogorrak direla. Horregatik, preseski, epaimahaikoek indar handikoak direla esan didate, desberdinak, beste giro bateko errealitatea islatzen dutenak. Ea irakurlea ez duen indiferente uzten behintzat.