Momentuz, gainak bakarrik
Euri asko egin du gaur, baita elurra ere mendi eta gainetan; herrietan, ordea, ez du zuritu. Bihar ere antzeko giroa egingo du, euriarekin eta trumoi ekaitzekin; uholde arriskuaz ohartarazi dute.
Elurrak Goierriko gainak zuritu ditu gaur. Iluntzerako elur kota 500-600 metrora jaitsi daiteke, eta baliteke hainbat portutan edo altueran dauden herri eta auzoetan zuritzea. Gainontzean, herri nagusietan elurrik egin ez badu ere, euri asko egin du, baita txingorra ere, zenbait unetan. Ordiziako neurgailuan, esaterako, 41,6 litro zenbatu dituzte azken 24 orduetan. Horren ondorioz, errekak ere oso hazita datoz.
Euskalmeten arabera, bihar ere antzera jarraituko du giroak. Alerta laranja mantentzen dute barnealdean, prezipitazioak “oso ugariak eta iraunkorrak” izango dira, eta tarteka, trumoi ekaitzak jo eta txingorra bota dezake. Iluntzerako elur kotak gora egingo du, atzera ere, eta goietako elurra urtuz gero, uholde arriskua egon litekeela ohartarazi du meteorologia agentziak.