Debak irabazi du Ormaiztegiko Odolki Lehiaketa
Hainbat urteren ondoren, bertako harakin batek irabazi du Ormaiztegiko lehiaketa. Jose Manuel Garmendia omendu dute ekitaldian.
Bazen garaia. Hori izan da herritarren artean gaur entzuten zen komentarioa. Hainbat urteren ondoren, bertako harakin batek irabazi baitu Ormaiztegiko Odolki Lehiaketa. Aurten 34. edizioa zuen, eta 9 odolkigile aurkeztu dira lehiara. Denen artean, Jesus Mari Deba harategia izan da nagusi.
Giro euritsu eta hotzarekin, karparen babesean egin dute aurtengo lehiaketa. Berezia, baita ere, aurten ez dutelako ohiko odolki pintxorik banatu. Lehiaketa, ordea, normaltadunez egin ahal izan dute.
Sariak banatzen hasi aurretik, Juan Manuel Garmendia sukaldaria omendu nahi izan dute, Urrezko Odolkia sariarekin. Kattalin jatetxeko arduraduna izateaz gain, Ormaiztegiko Odolki Eguneko epaimahaikide ere izan da Garmendia urte askoan. Haren alargunak eta semeak jaso dute oroigarria, alkatearen eskutik.
Sukaldaritza lehiaketan, bost lagunek parte hartu dute aurten, odolkia osagaitzat duten platerekin. Mari Carmen Mongek aurkezty duen odolki enpanadak jaso du plater onenaren saria. Aurkezpenik originalena, berriz, Nerea Magallanesen ‘Guillermo’ hamburgesarentzat izan da. Eta gazteen kategorian, Elene Gaztelu, odolki kreparekin.
Deba garaile
Bukaerarako utzi dute odolki lehiaketako saridunaren izena. Aurten, Jesus Mari Deba harategiak jaso du. Azken urteetan irabazle izan den Beasaingo Olano, bigarren gelditu da. Eta hirugarren postua, Beasainmendiko odolkientzat izan da.
Aintzane Deba oso gustura agertu da saria jasotzerakoan, “herrian bertan horrelako sari bat jasotzeak ilusio berezia” egiten baitu. Haien odolkiaren sekretu bakarra “primerako lehengaiak” erabiltzea eta “mimo handiarekin” egitea dela azaldu du.