Ampo Ordizia Errege Kopako finalerdietan sartu da VRAC Quesos Entrepinaresi irabazita
Ordiziarrek maisutasuna erakutsi zuten Pepe Rojo zelaian eta 13-25 gailendu ziren, Errege Koparako txartela eman dien ligako seigarren jardunaldian. Valentin Cruz-en lana erabakiorra izan zen garaipena eskuratzeko.
Ampo Ordiziak, VRAC Quesos Entrepinares taldeari 13-25 irabazi dio, Pepe Rojo zelaian. Garrantzia bikoitza du garaipen honek. Batetik, ligako sailkapenari begira, lau puntu gehitu dituzte ordiziarrek, eta laugarren postuan uzten ditu, lehen postutik lau puntura. Bestetik, Errege Kopako finalerdietarako sailkatu dira, errugbiko Ohorezko Mailako seigarren jardunaldia izan den hau, Kopako txapelketarako ere puntuagarria zelako. Bi taldeak, multzo berean zeuden Les Abelles-ekin batera. Ordiziarrek, valentziarrak gainditu zituzten bigarren jardunaldian, eta atzo, gauza bera egin zuten Valladolidekoen aurka.
Goierritarrek ondo baino hobeto zekiten, pisu handiko partida zela. Irabaztera atera ziren, zalantzarik gabe, eta lehen momentutik bukaera arte, maisuki jardun zuten, bai erasoan, bai defentsan.
Bederatzigarren minutuan aurreratu ziren, Valentin Cruzek gauzatu zuen zigor kolpe bati esker. Erabakiorra izan zen jokalari argentinarra, taldeak lortu zituen 25 puntuetatik, 20 egin zituen. Denera, 5 zigor kolpe gauzatu zituen, drop bat sartu zuen eta 27. minutuan Oier Goiak sartu zuen entsegua gauzatu zuen.
Hurrengoan, Madrilera
Partida amaitu berritan Iñigo Marotias entrenatzailea oso pozik agertu zen partidak emandakoarekin. Azken asteetan taldeak egin duen «lan onaren emaitza» izan dela nabarmendu zuen, eta «hurrengo erronkari begira lanean jarraitu behar» dela.
Urtea amaitu aurretik, hitzordu oso garrantzitsuari egin beharko dio aurre Ampo Ordiziak. Datorren abenduaren 19an, Madrilera bidaiatuko dute, ligako sailkapenean hirugarren den Lexux Alcobendasen aurka jokatzeko.