Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek beste sei greba egun egingo dituzte
Abenduaren 14tik 16ra eta 21etik 23ra egingo dituzte lanuzteak. Lan hitzarmena eskatzen dute
Beasaingo etxez etxeko arreta zerbitzuko langileek sei greba egun gehiago egingo dituzte. Abenduaren 14an, 15ean eta 16an eta 21ean, 22an eta 23an egingo dituzte lanuzteak. Egun horietan udaletxe parean elkarretaratzea egingo dute eta manifestazioan Goxarako egoitzaraino joango dira. Lan baldintzen erantzule jotzen dituzte bi aldeak: udala da zerbitzuaren titularra baina Goxarak ustiatzen du azpikontratazio bidez.
Lan hitzarmena adosteko eskatzen diete. Ez dute inolako hitzarmenik eta arautegi orokorraren baitan egiten dute lan. Langileak kexu dira arautegia ez dela beraien beharretara egokitzen eta babesgabe daudela. Esaterako, lan ordu solteetan egiten dute, jarraikortasunik gabe; egun guztirako lotuta daude ondorioz, baina soldata txikiak dituzte, orduen arabera kobratzen dutelako. Gainera, orduak aldakorrak direnez, soldata ere aldakorra da.
Urtebete baino gehiago daramate hitzarmena lortu nahian, protesta-intentsitate ezberdinarekin. Irailean kalera irteten hasi ziren eta azaroan zazpi greba egun egin zituzten. Erantzunik ez dutela jaso eta, grebari eustea erabaki dute.
Ostegunean udaletxe aurrean elkartuko dira, 18:45ean. Osoko bilkura egingo dute eta euren aldarrikapenak entzutea nahi dute.