CAFek 161 autobus hibrido ekoitziko ditu Belgikarako
Kontratuaren zenbatekoa 75 milioitik gorakoa dela iragarri du konpainiak.
CAF taldeak 161 autobus hibrido ekoizteko eskaria jaso du Belgikako Operateur de Transport de Wallonie ustiatzailearen eskutik. Kontratuaren bolumena 75 milioi euro baino gehiagokoa dela iragarri du Beasaingo multinazionalak. Autobusak datorren urtean entregatzea aurreikusi dute, eta datozen zortzi urteetako mantenimentuaren ardura bere gain hartuko dute.
Urbino 12 modeloko autobusak izango dira. Gasolinazko motorra dute, baina bidean sortzen duten energia jaso egiten dute eta nahikoa pilatzean hortik tira egiten dute, erregaiaren kontsumoa eta atmosferara igorritako isuriak gutxituz. Gainera, autobusek Stop-and-Go izeneko funtzioa izango dute. Funtzio horrek motorra erabat itzaltzen du autobusa geralekuetan gelditu eta ateak irekitzen direnean.
Namur, Charleroira eta Lieja hirietan ibiliko dira autobusak. Lehendik ere CAF taldeko Solaris etxeak egindako autobusak badaude herrialdean: denera, 240 autobus dabiltza gora eta behera, horietatik 32, elektrikoak.