Bista eta barne gozagarriak ugaritzen
Abenduak alde batera utzi ditu udatik zetozen barazki gehienak. Gabonei begira, orain beste erakartasun batzuk dira. Postu batzuk joan eta beste batzuk etorri dabiltza.
Giro hotza eta hezea, abendua horrelaxe hasi da. Aldiz, geroz eta barne eta kanpo gozagarri gehiago aurkeztu dituzte postu ezberdinetan. Gozogintzan, turroiak, girlatxeak, piku pastela, mazapanak, polboroiak… Urtean zehar beti zerbait eskaintzen dute, baina eguberriak hurbildu ahala, aukera zabaltzen dute. Plazaren ingurura etorri ziren hiru postutakoek (oliba, fruitu lehor, gozo…saltzaileak) bat datoz askoz hobeto saltzen dutela hemen esaterakoan. «Bakoitzak bere tokia», aipatu zigun atzo Lurdes Usabiagak Antonio Rodriguezekin batera bezeroen eskaerei erantzuten zien bitartean. Hauek plazaren goiko aldean kanpo aldetik jarria dute postua, ezker-eskubi beste biak.
Loreei dagokionez udaletxe parean dauden bi postuetan geroz eta Ponsetia gehiago eta kolore anitzekoak. Ez da neguko landarea, moda kontua da. Laster galdu daitekeela jakinda ere, ondo saltzen da, gorria bereziki. Horrekin batera Azalea, Ziklamena, Calantxoe, margarita… negua kolorez jantzi eta dotoretzeko egokiak.
Postuak joan-etorrian
Gazta gehienak saldu eta berria egiten hasi direnez, Goiburu gazta saltzaileek etortzeari utzi diote. Horien tokia hartu du Jon Etxeberria erlezainak. Oso ondo saltzen ari dela dio, «eztia bereziki, polen freskoa, erregina jalea eta propolia ez ditu hainbeste ezagutzen jendeak oraindik edo ohiturarik ez, erakustea ere bada gure lana». Hala dastatzeko ere izaten du, bai eztia baita polena ere.
Ondoan jarri ohi den Joxe Mari Uzin azkoitiarrak atzo zuen denboraldiko azken astea. Tomate garaian etorri ohi da Ordiziara, maiatzean hasi eta atzo arte aurten. «Tomatea izan bada, baina ez da gorritzen». Negutegiak horretarako propio prestatuta badituzte ere eguzkia bezalakorik ez da.
Asteartean hiru azoka
Asteazkena jai denez aurreratu eta bezperan egingo da Ordiziakoa. Lazkaon, berriz, atzeratu. Astelehenean jai egingo dute eta asteartean izango da merkatua. Beasainen bere betiko egunean egingo da. Egun berean, hiru auzo herritan azoka datorren asteartean.