Eredugarri izatearen garrantziaz
‘Haurren aurrean, helduak heldu’ ariketa sozialean Goierriko bederatzi udalerri ari dira parte hartzen .Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitzea da nahia.
Euskaltzaleen Topagunaren eta Euskarak 365 Egun dinamikaren egitasmo bateratu batek hartu du aurten Euskararen Egunaren atarikoa girotzeko lekukoa. Haurren aurrean, helduak heldu ariketa sozialak guraso, zaintzaile, lagun, senide eta bestelako hezitzaileen arteko euskarazko praktikak sustatzea jarri du helburutzat. Herritar multzo horren hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio ekimena da.
Azaroaren 22an abiatu zen egitasmoa, eta abenduaren 5era arte iraungo du. Euskal Herri osoko 80tik gora herri ari dira parte hartzen, tartean Goierriko bederatzi: Beasain, Gabiria, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Ordizia, Urretxu-Zumarraga, eta Zegama. Udalerri bakoitza bere erara ari da garatzen egitasmoa (parkeetan, plazetan, terrazetan, etxean…), baina helburua berbera da guztietan: helduak haurrentzat erreferente eta eredugarri izatea euskararen erabilerari dagokionean.
Arau soziala indartu
Ariketa hau 0 eta 12 urte arteko umeekin harreman zuzena duten eta hizkuntza transmisioan zein eredugarritasunean eragina duten herritar helduei zuzenduta dago. «Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitzea eta herritarren praktiketan integratzea da ariketaren helburua, arau sozial bihur daitezen». Topagunearen iritziz, Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu arau soziala da indartu beharrekoa. Hiru dira arau horren oinarri nagusiak: euskara dakiten guztiekin euskaraz egitea; lehen hitza euskaraz egitea; eta elkarrizketa elebidunetan euskarari eustea.
«Ahalduntze ariketa bat da, helduen artekoa, asertibitatez eta enpatiaz egiten dena. Sinplea eta ulerterraza egitea bilatzen da», nabarmentzen du Topaguneak. Partaide bakoitzak bere hizkuntza ohiturak non eta norekin aldatu pentsatu behar izan du, eta ingurukoei jakinarazi die ariketa hori egitekoa dela umeekin partekatzen dituen espazio guztietan. «Umeen eredu diren helduen euskarazko portaerak bultzatuta, haurrek euskaraz hitz egitea normaltzat hartzea eta hizkuntza portaera hori barneratzea da helburua».
Egoera ulertzeko adibidea
Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak honako adibidea darabil gaur egungo egoera zein den azaltzeko: «Ume batzuk erdaraz ari dira beraien artean. Guraso bat hurbiltzen zaie euskaraz egiteko esatera, eta umeek erantzuten diete gurasoetara jolasten ari direla». Euskararen erabilera sozialaren eredurik izan ezean, haurrek ez dutela erabiliko ohartazten du : «Euskara egoera eta testuinguru guztietan ohikoa dela sumatu behar dute. Haurrei euskaraz egiteko eskatzen zaie, baina helduek egiten ez badute, kontraesankorra da mezua».