«Estrategiak bisio baten adarra izaten dira, eta bisioa bera daukagu lausotuta»
Euskararen egunak, bezperak eta biharamunak’ hitzaldia egingo du gaur Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966) irakasle eta ikerlariak Zeraingo elizan, 18:30ean. Euskararen egoera «delikatua» dela uste du.
Hitzaldiaren izenburuak berak zer pentsatua ematen du hasteko. Nondik nora bideratu asmo duzu gaurko saioa?
Titulua deigarri da bai, eta topo egiten du bi plano ezberdinekin. Euskararen Egunari halako ziritxo bat sartzea dago batetik, Euskararen Eguna bakarrik jarrita motz geratzen dela eta, euskaldunok ‘egunak’ ospatzearekin daukagun joera horri erreferentzia eginez. Baina beste plano batean, norabide-gogoeta bat egin nahi dut, eta norabidea da eguna bera baino inportanteagoa dela biharamuna, etorkizunean nora goazen. Eta horrekin lotuta, bezpera, nora goazen jakiteko nondik gatozen jakin behar dugu. Azken hamarkadetan euskarak egin duen ibilbidearen arrazoibide bat hartuko dut. Hitzaldiaren haria horixe izango da, nondik gatozen eta nora goazen. Ni saiatuko naiz solasaldi bat izan dadin.
Eta nondik gatoz?
Euskararen biziberritze prozesu garaikide deitu daitekeen ibilbide oso berezi batetik gatoz, 60 urteko prozesu batetik, mundu mailan oso berezia den prozesu bat, eta egitura jakin bat dauka. Hori esplikatzeak laguntzen duela uste dut. Nik zuhaitzen baten egitura bezala esplikatzen dut: corpusa, hizkuntzaren adarra, kulturgintzaren adarra, eragilegintzaren adarra, administrazioaren adarra, lan munduaren adarra, aisialdi antolatuaren adarra eta beste adar batzuk. Eta horri lotuta, zer sustrai izan ditugun, zer motibazio, zer konbergentzia ariketa egin ditugun… Uste dut istorio polita dela gure azken 60 urteetako gakoak ulertzea.
Azken 60 urteak aipatzen dituzu behin eta berriz. Zergatik?
Aukera izan dugu euskararen esperientzia gurea bezalako hizkuntza minorizatuen alde lanean ari diren eragileei azaltzeko, eta nik uste dut euskaldunoi asko laguntzen digula kokatzeko eta ulertzeko zertan ibili garen azken 60 urte hauetan. Azken 60 urteak aurretik egon diren beste mugimendu batzuen zordun dira, Euskal Pizkundea esaterako, baina badaukate bere autonomia eta logika propioa azken 60 urte hauek.
Orain non gaude? Zer gertatzen ari zaigu?
Hori da benetan inportantea. Denbora dezente dedikatu dezakegu horretan. Adjektibo batekin adieraztearren, momentu delikatuan gaudela esango nuke.
Delikatua zergatik? Itxura batean sumatzen da bateratze bat egon dela lehen aipatu dituzun adar horien guztien artean, Euskaraldiaren sorrera…
Badaude adar hauetan guztietan datu positiboak eta interesgarriak, baina esan daiteke baita ere une delikatu batean gaudela, nolabaiteko krisi puntu batean bagaudela. Krisi hitzak ez du derrigor esanahi negatibo bat, krisi hitza hainbat ikuspegitatik ulertu daiteke: aukera bezala, zalantza bezala… Hainbat datuk, erabileraren kurbek, hezkuntzako prozesuen erabileraren kurbek, arnasguneetako egoerak… horrek erakusten digu egoera delikatu batean gaudela, eta oro har, euskararen estrategia adarrak birpentsatu beharrean gaudela. Eta areago ere bai; estrategiak bisio baten adarra izaten dira, eta bisioa bera daukagu lausotuta. Nora goaz? Nola irudikatzen dugu etorkizuna? Zer da zehazki nahi duguna eta lor dezakeguna uste duguna? Bisio hori berreraiki behar dugu, euskararen adar horiek guztiak birpentsatzera deituta baikaude.
Eta zeini dagokio bisio hori berreraikitzea? Nola artikulatu beharko litzateke?
Hizkuntza komunitatearen zeregina da. Hizkuntza komunitatea ulertu behar da hainbat erakunde mota bere baitan dituen komunitate bat bezala. Baditugu batetik erakunde publikoak, gizarte ekimeneko euskalgintza antolatuta bat ere badaukagu, sare trinko bat dena, ezagutzaren inguruko eragileak ere baditugu. Gogoeta bat hasita badago, eta oinarri bat badago hori egiteko, baina beste kontu bat da zenbaterainoko anbizioa eta aspirazioa izango dugun momentu honetan jauzi hori egiteko.
Anbizioan dago gakoa beraz.
Ez da ahaztu behar baita ere, euskara bezala hizkuntza bat biziberritzeak kontran izan dituen elementuez aparte –egitura politikoa, nondik gatozen, zein diren mugak, zein diren egoera demolinguistikoaren mugak–, baina badira beste elementu batzuk mende honek ekarri dizkigunak: asko sinplifikatuz, globalizazioa eta digitalizazioa. Horrek dakartzan aldaketa sozialak, soziokulturalak, jendearen jarreran bertan dauden aldaketak, eta mundu digitalak dakarren eskaintza leherketa ikaragarri horrek jokatzen du, oro har, hizkuntza txikien kontra. Eta ez da euskaldunon kontua bakarrik, katalanak ere oso daude kezkatuta, datu oso kezkagarriak ari dira maneiatzen katalanak azken urteetan. Esparru txikiko hizkuntzek kontrako elementu berriak ere badituzte.
Aurre egiteko zailagoak direnak gainera kasu askotan.
Horrek eskatzen digu gauza asko birpentsatzea eta berregitea. Iruditzen zait, hala ere, ideiak badaudela nondik jo daitekeen etorkizunean, eta prozesu horretan gaude. Horixe nahi nuke partekatu entzuleekin.
Lan-eremuaren euskalduntzeari garrantzi berezia ematen diozu. Ez da arlo bakarra noski…
Nik uste pentsatu behar dugula datozen 20-30 urteko pausoak zein diren. Hemen, erakundeak eta enpresak ohituta daude askotan lau urteko ziklo estrategikoetara pentsatzen, baina bisioa berregin behar duzunean ziklo luzeagokoa prozesuetan pentsatzen jakin behar dugu, eta termino horietako bat da lan eremua. Hezkuntza eremua, neurri handi batean, euskaldundu dugu edo euskaldunak sortzen ari gara hezkuntza eremutik, baina masiboki erdalduna den lan-eremu bat daukagu, eta ematen du belaunaldi honen logikak izan behar duela lan-eremua koherenteki euskalduntzea hezkuntza eremuaren ondoren. Baina garbi dagoena da hezkuntza eremuan ez garela espero genuena lortzen ari, euskal hizkuntzak ez duela lortzen hiztun osoak ekoiztea, eta uste dut birpentsatu sakon bat eman behar diogula hezkuntzari berari ere.
Euskarazko hedabideak ere, tokikoak zein nazionalak, zaku horretan sartu beharko genituzke?
Euskarazko hedabideen matrizea bera birpentsatu behar dugula uste dut, eskema bera aldatu behar da. Horrez gain, aisialdi antolatuaren gaia ere hor dago, eta uste dut hainbat arlotan gaudela luzera begira pentsatzera deituak.