Euskararen eguna ospatzeko, trikitixa eta bertsoa
Bertso Olariak taldeak, Doinua Musika Eskolak eta Lekanazpi elkarteak, 'Trikitilari gazteak bertso plazara' ekimena antolatu dute, Euskararen Egunaren harira.
Bihar, abenduak 3, Euskararen Eguna dela ospatzeko, herriko Trikitilari gazteak bertso plazara aterako dira, Bertso Olariak taldeak, Doinua Musika Eskolaren eta Lekanazpi elkartearen laguntzarekin antolatuta. Ekitaldia 19:00etan izango da, Elizondo tabernaren aurreko plazan, edo Azokan eguraldi txarra egiten badu
Doinua Musika Eskolako trikitilari gazteak izango dira ekitaldiko protagonista nagusiak, Arkaitz Allur irakaslea gidari dutela. Bertsoak, berriz, Ane Belokik eta Axier Iriondok jarriko dituzte, hitzekin eta musika akustikorekin lagunduta. Ekitaldiaren amaieran mokadua izango da Lekanazpi elkartean.
«Euskara egunero zaindu beharreko altxorra» bada ere, antolatzaileek herritar guztiei egin diete deia, «egun berezi horretan bildu, eta euskarari gorazarre egiteko».
Ipuin labur-labur-laburrak
Euskara protagonista duen beste ekitaldi bat ere izango da gaur, Azokan, 18:00etan. Azaroaren 22tik abenduaren 5era gauzatzen ari den Haurren aurrean helduok heldu kanpainaren barruan, ipuin laburren lehiaketa egin du Legazpiko Euskaraz 365 Egun batzordeak, eta gaur banatuko dute saria.
Lehiaketaren bigarren edizio honetan dozenaka ipuin jaso dituzte, eta guztiak irakurri eta gero, aukeratua dute sariduna. Gaur emango diote saria, 100 euroko erosketa bonua. Saio motz eta alaia prestatu dute, eta herritar guztiak daude gonbidatuta.