Gasolina agortu zaio
Beasaingo Motor Asteburuak jarduna eten duela iragarri du. Erabaki "zaila" zein "hausnartua" dela aitortu dute
Beasaingo Motor Asteburua ez da itzuliko. Antolatzaileek jarduna etetea erabaki dute, “hainbat arrazoi pertsonal eta profesional kontuan harturik”. Erabaki “zaila zein hausnartua” izan dela aitortu dute.
2017an ekin zioten bideari, heziketa, segurtasuna eta ikuskizuna oinarrian. Hainbat une gogoratu dituzte: Albert Lloveraren hitzaldia, Gipuzkoa plazan eta Nafarroa etorbidean egindako segurtasun-ikastaroak, Erauskin igoera berreskuratu zutenekoa edota ibilgailu klasikoen erakusketa. “Guzti honetaz gain zeharkako helburu bat ere lortu dugulakoan gaude. Elkarren arteko eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sakontzea, bai herrikideekin eta baita eskualdeko kide ezberdinekin ere”.
Azken bi urteetan ezin izan dute ezertxo ere ez antolatu, pandemiaren eraginez. Geldialdiak erabakian eragina izan duela ere aipatu dute.