Antzizar, Urbia
'Martin Zalakain' dantza ikuskizuna Beasainen itzuliko da, abenduaren 12an. Sarrerak udal liburutegian eta Antzizar kiroldegian daude salgai
Antzizar Kiroldegia Pio Barojak sortutako Urbia herria bilakatuko da. Martin Zalakain dantza ikuskizuna taularatuko dute Argiako dantzariek eta Artedrama konpainiako aktoreek elkarlanean. Ehun lagun inguru dira, denera. Pio Barojaren Zalakain abenturazalea klasikoan oinarritutako ikuskizuna da. Hirugarren Karlistadan kokatuta dago kontakizuna, eta haren baitan sortutako gatazkak eta gertaerak irudikatuko dituzte.
Juan Antono Urbeltz koreografoa da ikuskizuneko zuzendaria. Harkaitz Cano idazleak egin du eleberriaren egokitzapena eta Ander Lipus aktoreak gorpuztuko du Pio Baroja. 2017an estreinatu zuten, baina pandemiak behartutako ia bi urteko geldialdia egin dute. Beasainen itzuliko dira oholtzara.
Ikuskizunerako sarrerak Beasaingo Udal Bibliotekan eta Antzizar kiroldegian eskuratu ahal izango dira 6 euroren truke.
Leire Artola Beasaingo alkateak azpimarratu zuen ez dela kasualitatea bertan itzultzea, “Beasain herri dantzaria eta dantzazalea” delako. Dantzan.eus proiektuarekin duela bost urte sinatutako lankidetza izan zuen gogoan. Akordioari esker formazio saioak eta dantza ekimenak sendotzeko proiektuak egin dituztela aipatu zuen. “Udal Gobernuaren helburua nortasuna eta tradizioari lotuta Beasain euskal dantza tradizionalaren topaleku eta erreferentzia bihurtzea da eta tokiko dantza tradizionala egonkortzea, finkatzea eta honen ezagutza hedatzea”.
Formazio saioa
Martin Zalakain ikuskizunaren harira bi saio antolatu dituzte. Gaur zortzi Dantza soltea askatzeko ahalegin bat formazio saioa egingo dute, Oier Araolazaren eta Josu Garateren eskutik. Dantza-soltea eszenaratzeko ez-ohiko bidea jorratu da Martin Zalakain ikuskizunean eta ahalegin horren oinarriak eta aplikazio praktikoak azalduko dira saio honetan. Proposatzen den eredua hobeto ulertzeko testu inguruaz sarrera egingo zaio saioari, dokumentazio historikoak utzitako testuetatik abiatuta gaur egungo dantzakerara iritsi arte. Ondoren, hitzak mugimendu bihurtzen ahaleginduko dira, musikatik bertatik eta erritmotik, ezinbestean, abiatzen den dantza proposatuz.