Fakturak, euskaraz
Aittu! Euskara Elkarteak TicketBai fakturazio sistema jarri beharrean diren erakundeei eta eragileei "urratzaile" izateko eskatu die. Beasaingo Udalak diruz lagunduko du
Beasaingo Udalak, Aittu! Euskara Elkarteak eta Bareak Beasaingo Merkatarien Elkarteak TicketBai fakturazio sistema jarri beharrean diren erakundeei eta eragileei softwareak euskaraz jartzeko deia egin diete. Merkatarien hizkuntzarekiko atxikimendua bultzatu eta hizkuntza paisaia establezimenduetan euskaldun du nahi dute.
Aittu elkarte Patxi Saez presidenteak “paradigma aldaketa” behar dela azpimarratu du. Hizkuntzen normalizazio prozesuak funtsean gizarte eraldaketa prozesuak direla aipatu du, eta prozesuok luzeak direla ohartarazi du. %20a urratzailea izaten dela azaldu du eta gainerakoek hauei jarraitu egiten dietela. “Dendariei eskatu nahi diegu urratzaileak izan daitezela, ez daitezela zain gelditu. Egin dezatela lehen hitza euskaraz eta TicketBai fakturazio-sistema euskaraz jar dezatela. Gainerakoak atzetik etorriko dira”. Beldurrak kentzeko azpimarratu du beasaindarren gehiengoak euskaraz hitz egin edo ulertzen duela, eta ez dela inolako arazorik egongo.
Beasaingo Udalak ere erraztasunak emango ditu. Software hau jartzeko merkatariei kostuaren %30arekin lagunduko zaie, 250 euro gehienez. Leire Artola alkateak azpimarratu du hizkuntza paisaia euskalduntzeko laguntza gehiago ere badirela, hala nola, errotuluak, erosketa poltsak eta web orriak euskaratzeko laguntza ekonomiakoak.