Goierri hasi da Euskararen Eguna kalean ospatzen
Eskola-umeak izan dira lehenbizikoak euskararen aldeko aldarria lau haizetara zabaltzen. Lazkaon, San Benito ikastolako haur saldo handia irten da kalera. Multzoka, jende pilaketak saihestuz, kantua hartu dute euskararen aldeko mezuak zabaltzeko bitarteko.
Abenduaren 3ko Euskararen Eguna hasi da. Herri askotan ospatuko da gaur nazioarteko egun hori, eta goizean goizetik hasi dira ekitaldiak han-hemenka.
Lazkaon, San Benito ikastolako haur saldo handia irten da kalera. Multzoka, jende pilaketak saihestuz, kantua hartu dute euskararen aldeko mezuak zabaltzeko bitarteko. Txikienak plazako pilotaleku estalian elkartu dira –langarra ari zuen–, herritar eta guraso sail batekin batera. Ostiraleroko kantu-jira berezia egin dute gaur. Hiru abesti kantatu dituzte, Behin betiko bereizgarriarekin amaitzeko.
Ikasle zaharragoak, gelaka bereizita, kalean alde batera eta bestera barreiatu dira. Plazetan kantu-saiotxoak egin dituzte haiek ere.
Lazkaon, arratsaldean segiko du egitarauak. 16:45ean, Parketarrak egitasmoko jolasak egingo dituzte LHko eta DBHko haurrek, Lazkaoko Begirale Taldeak gidatuta. Batxilergoko 2. mailakoek pintxoak salduko dituzte. 18:00etan, Oin-Arin dantza taldeak eta Lazkao Txiki Musika Eskolako musikariak ariko dira. 19:30ean, txaranga irtengo da kalerik kale. Gauean, 22:00etan Arerian, Esti eta Mikel Markez aita-alabek kontzertua egingo dute.
Argazkiak: Aimar Maiz Morea