Goierriko XIX. mendeko argazki bildumaren erakusketa Lazkaon jarri du Lemniskatak
Brunet ingeniariak duela 140 urte egindako erretratuak dira, Goierriko herrietako argitaratu gabeko zaharrenak. Kultur etxean jarri dute erakusketa, abenduaren 17ra arte. Martin Garcia historialari eta biltzaileak hitzaldia egingo du 10ean.
Lemniskata Goierriko zientzia elkarteak Lazkaon jarri du XIX. mendeko Brunet bilduma argazki erakusketa. Atzo zabaldu zuten, eta abenduaren 17ra arte egongo da ikusgai, kultur etxeko aretoan. Jose Brunet Berminghan ingeniariak XIX. mendearen azken laurdenean Goierrin ateratako erretratu zaharrenak dira, asko orain arte inoiz argitaratu gabeak.
Martin Garcia Garmendia historialari beasaindarrak aurkitu eta aztertu ditu, eta izen bereko liburu bikainean argitaratu ditu zientzia taldeak, elkartearen 10. urteurrena ospatzeko, bide batez. Lemniskata Kaierak saileko 5. liburua da, eta erakusketan bertan erosteko modua dago, 15 euroan. Edizio mugatua eta berezia da, informazio historiko ugari ematen duena, lekuetan kokatuta.
Guztira 51 argazki daude, herrika banatuta. Tartean, Lazkaoko hiru argazki zahar daude, sekula argitaratu gabeak orain arte. Desagertutako elementuak, eraikinak eta paisaiak ikus daitezke irudietan.
Erakusketa ikusteaz gain, Martin Garciak Argitaratu gabeko Goierriko argazkirik zaharrenak. XIX. mendeko Brunet bilduma hitzaldia egingo du, abenduaren 10ean, ostirala, 19:00etan, aretoan bertan. Gaztelaniaz ariko da.