Uztailaren 2an goierritarrek Malerrekako tontorrak argituko dituzte autodeterminazioagatik
Gure Eskuk, Kataluniako eragileekin batera, Pirinioak alderik alde argiztatuko ditu erabakitzeko eskubidearen alde. Uztailaren 2an izango da. Herritarrak aktibatu nahi dituzte
Gure Eskuk, Kataluniako eragileekin batera, Pirinioak argiztatuko ditu erabakitzeko eskubidearen alde, Iger lurmuturretik Creus lurmuturreraino. Goierritarrek Malerreka (Nafarroa) inguruko mendiak argituko dituzte. Uztailaren 2an izango da.
Antolaketa lanekin hasita daude. Herritarrak aktibatzea dute lehen urratsa. Beasainen eta Urretxun egin dituzte lehen bilera irekiak aste honetan. Goierriko 23 herriak eta Euskal Herri osoko 200 herri mobilizatzea da helburua, 800 bat kilometroko segida osatzeko. Euskal herritarrek Benasquera (Espainia) arteko zatia argituko dute.
Pirinioetara joan ezin dutenentzat edo nahi ez dutenentzat Goierrin bertan ekintza osagarriak antolatu nahi dituzte. Malerrekan, baita ere. Gainera, antolaketa lanak elkarlanean egin nahi dituzte, eskualdeen arteko saretzea lortzeko.
Kataluinarekin ere kidetu nahi dute. Mario Zubiaga politologoak, soziologoak eta Gure Eskuko kideak Beasaingo batzarrean Euskal Herriko, Kataluinako eta Galiziako mugimenduek sinkronizatuta lan egitearen garrantzia azpimarratu zuen. 2023an erabakitzeko eskubidearen aldeko beste olatu bat iragarri zuen, eta ordurako auzia agenda politikoan txertatuta egon behar dela esan zuen.
Jexux Olaziregi herri mugimenduko zuzendaritza kideko partaideak Pirinioetako bideak horretarako balioko duela esan zuen, sinergiak sortzeaz gain zeresana emango duelako. «2014. urtean Eskozian erreferenduma egin zutenean han ginen euskal turista-soberanista batzuk. Beste olatu bat baldin badator, ezin dugu turista-soberanista izan», egin zuen gogoeta.