Hizkuntza ohiturak, egunerokotik hasita
Euskararen Egunak hizkuntza ohituretan eragitea du helburu, euskaldunek haien artean euskaraz hitz egin dezaten. Beasaingo Balerdi-Iraeta eta Urretxuko Kerexeta-Mateo familiak etxean eta kalean dituzten hizkuntza ohiturez aritu dira hizketan, Xabi Ormazabal begirale lazkaotarra gaztetxoen astialdi garaian ikusten dituen joerez eta Eresti Oiarbide gabiriarra herrian sumatzen dituen aldaketez. 'Haurren aurrean, helduak heldu' ariketa soziala abenduaren 5ean bukatuko da.
«Jolas ohiturak aldatu direnean, astialdi osoa erdaraz bihurtu da»
Gizartearen etengabeko eraldaketa haurrenganaino iritsi da. Jolasteko ohiturak aldatu dira, eta gaztetxoak sakelako telefonoekin lagunartean plazan ikustea ohiko bihurtu da. Hizkuntza-ohituretan eta erabileran zuzeneko eta bat-bateko ondorioa ekarri du: mobiletan ikusten dutena erdaraz denez (Youtubeko bideoak, influencerrak…), jolas garaiko eta astialdi osoko hizkuntza erdara bilakatzen da.
Joera horrekin kezkatuta, Lazkaon jolas gidatuen –eta euskarazkoen– bitartez hasi dira norabidea aldarazten. Urtxintxa taldea eta Lazkaoko Begirale Taldea asteotan astialdiko jokoak eskaintzen ari dira. «Kalean gero eta ohitura gehiago dago haurren eta gaztetxoen artean dena erdaraz egiteko, Youtubekoa kopiatzen baitute. Eragin egin nahi dugu», azaldu du begirale taldeko Xabi Ormazabalek.
Astialdi taldea helburu
24 urte dauzka Ormazabalek, eta euren belaunalditik gazteagoetara erdaraz egiteko ohituraren aldea «nabarmena» dela dio. «Gaztelaniaz egitea normalizatzen ari da. Euskararekiko kezka ezabatzen joan da denborarekin. Lehen, obligazio puntu bat igual zuten zenbaitzuek euskaraz egiteko; orain, askatasunarekin lotuta, ume askok erdaraz egiten dute, eta gurasoek ez diete ezer esaten. Ikastolan bakarrik egiten dute euskaraz; hortik kanpora, batere ez».
Euskararen haize pixkat bat ekartzeko ahaleginean, Lazkaon astialdi taldea sortzeko asmoa darabilkite, LH eta DBH garaietan ere hezkuntza ez formalaren esparruan eragiteko. «Ez da zuzenean enfokatuko euskaraz egingo den jarduera bezala, baina zeharka hori lortu nahi da: jolasean umeak euskaraz ibiltzea».
Herri askotan daudela astialdi taldeak gaineratu du Ormazabalek, eta ondo doazela diote hango kideek. «Lazkaon horren falta daukagu, eta sortu beharko dugula uste dugu».
Lazkaoko plazan, jolas gidatuak eskainiko dituzte abenduaren 3an, 16:45etik 19:30era.
«Saiatzen gara euskara ikasi nahi duenari laguntzen»
Urretxukoa da Kerexeta- Mateo familia. Ander eta Maider gurasoak, eta Hegoa (5 urte), Irati (3 urte) eta Udane (5 hilabete) «euskaraz bizi» dira.
Etxeko txikienak, familiako rol desberdinak imitatuz jolasten dira. «Batak, amaren papera egiten du, besteak, alabarena, eta ama, izebaren rolean» jartzen dute, eta gurasoek azaldu duten moduan, «euskaraz beti».
Orokorrean, «euskaraz harremantzen dira euren artean». Gurasoen esanetan, «Hegoak, hiruren artean zaharrenak, orain arte dena euskaraz egin du, nahiko berandu ikasi du gaztelera. Ulertu ulertzen zuen, baina hitz egin, oso gutxi». Bigarrenak, Iratik, «pixka bat lehenago ikasi du, baina honek ere orain arte euskaraz egin du dena». Ahizpa txikienari zuzentzen direnean ere «euskaraz egiten diote».
Etxetik kanpo, «orain arte dena euskaraz» egin izan dute, baina azken hilabeteetan, gazteleraz gehiago egiten duten umeekin, gaztelerara jotzen dute».
Ingurukoei eragitea
Guraso izan aurretik, inguru oso euskalduna izan du bikote urretxuar honek. Guraso direnetik, aldaketa batzu-batzuk eman dira haien bizitzetan; adibidez, «lagun berriak» egin dituzte. «Orain, inguru mistoago batean murgildu gara eta antzematen da gurasoek euskaraz edo gazteleraz egiten duten, haien haurrei entzunda».
Etxean, «modu naturalean» erabiltzen dute euskara, eta kalean, «gu biok euskarekiko dugun atxikimendu horregatik, saiatzen gara ingurukoei ere eragiten, eta euskara ikasi nahi duenari laguntzen, haiekin ere euskaraz hitz eginez».
Adibide polit bat kontatu dute: «Bikote diren gertuko lagun batzuek euskararekiko jarrera positiboa izan dute beti, baina euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez zuten. Guraso izan dira, eta harrezkero, umeari euskaraz egiteko hautua egin zuten, baina helduen artean, kosta egiten zitzaien, bien arteko hizkuntza ohitura, gaztelera erabiltzea izan delako, eta harreman handia dugunez, mintza-praktika modukoak egiten ditugu». Anderrek eta Maiderrek pozik kontatu dute, «sei hilabetetan, emaitza oso onak» lortu dituztela, «alde ederra egin dute». Behar zuten bultzadatxoa eman diete.
«Herri txikietan ere umeen erabilera gutxitzen hasi da»
Herri euskalduna da Gabiria, 500 bizilagunetatik gehien-gehienek badakitelako eta badarabiltelako euskara. Baina han ere kezka piztu da, hizkuntzaren etorkizunerako ezinbestekoak diren kate-mailan piztu ere: haurrengan. Umeetan euskararen erabilera jaisten ari diren «pertzepzioa» dute, eta Haurren aurrean helduok heldu kanpainari heltzeko beharra ikusi dute.
«Orain dela urte batzuk egindako kale erabileraren neurketan nabaritzen zen jada gurasoen artean euskararen erabileran jaitsiera. Baina artean umeetan ez zen nabari. Oraingo pertzepzioa da, ordea, eta azken neurketen emaitza ofiziala ez daukagun arren, umeetan ere erabilera behera egiten ari dela. Herri eskolaren pertzepzioa ere hala da», azaldu du Eresti Oiarbide udal zinegotziak eta Emun aholkulari enpresako teknikariak.
Plazan eta jolas parkean belarria zutuntzea besterik ez dago, haur gabiriarrek euren artean jada erdaraz ere hitz egiten dutela jabetzeko. Fenomeno berria da hori, azken mende erdian.
Arrazoi bat izan liteke gurasoek erdararako joera handiagoa dutela, «sekula baino». «Gurasoak eredu dira. Zer egiten duten da garrantzitsua, ez zer esaten duten. Umeek haiena imitatu egiten dute. Lehen, gurasotara jolasterakoan egiten zuten haurrek erdaraz. Baina jolas hori ohikoago bihurtzen hasi da, eta eragina egunerokoan antzematen da jada».
Aitona-amona batzuek euskaraz ez jakiteak ere eragina izan dezake, zenbaiten iritziz.
Joera ikusi, jarrera ikasi
Lehenago ohiturarik ez zuten zenbait familiak umeekin euskaraz aritzeko hautua kontzienteki egin dute. Udalaren Euskara Batzordeak eta herri eskolak, azaroaren 22tik abenduaren 5erako bi asteotan, egoerak ikusgarriago bihurtu nahi ditu, gaztelaniaren indarraz konturatu, eta euskararen alde jartzeko.
Ikasturte hasierako eskola-bileran azaldu zuten kanpaina, kezka eta helburua Euskara Batzordekoek. Eskolak parte-hartzea baieztatu du. Topagunearen kontzientzia-hartze bideoak zabaldu zituzten, hasieran. Abenduaren 16an, Kike Amonarriz soziologoak hitzaldia egingo du, guraso eta helduentzat.
«Lehen hitza bakarrik ez, euskaraz komunikatzen gara gure artean»
Euskaraz bizi den Beasaingo familia bat da Iban Balerdik eta Eider Iraetak, eta haien bi semeek, Harrik eta Egoik, osatutakoa.
«Oso inguru euskalduna» dute. Etxean, «euskaraz egiten» dute. Gurasoak ari dira hitz egiten. «Etxekoen artean, lehen hitza bakarrik ez, euskara da komunikatzeko erabiltzen dugun hizkuntza. Euskaraz hitz egitea da gure artean naturalena».
Esandako hortatik ondoriozta daiteke, gurasoen arteko, zein guraso-haur arteko elkarrizketetan euskara dela nagusi.
Ondorioak atera baino, eurek ere hala kontatu dute:«Gurasoen eta haurren arteko komunikazioa euskaraz da, bi norabideetan gainera; gu haurrei zuzentzen garenean, eta baita haurrak guregana zuzentzen direnean ere».
Bi anaia txikiek, «euskara ikasi dute lehendabizi, gaztelera, bigarrenik». Orain, zazpi eta lau urte dituzte, eta euren artean hitz egiten edo jolasten dutenean, «euskaraz» egiten dute, «etxean behintzat, hori delako jaso dutena», argudiatudute gurasoek.
Azkar erantzun dute, zalantzarik egin gabe. «Haurren artean hizkuntza naturala euskara da». Etxean bakarrik ez, kalean, eskolan, parkean,… «lagunekin ere euskaraz egiten dute».
Haurrengan eragina
Dena den, bai aipatu nahi izan dute haurren artean joera aldaketa bat nabaritu dutela azken aldian: «Jolas konkretu batzuetan erderakadak esaten dituzte, zer esaten ari diren oso ondo jakin gabe, seguru!».
Erdal hitzak erabiltzearen oinarrian, «futbola eta marrazki bizidun konkretu batzuk» daudela nabarmendu dute.
Iban Balerdi eta Eider Iraetaren ustetan, «gure haurrrek helduen hizkuntza bezala ikusten dute gaztelera, eta batzuetan, ideia horrek erakarrita, gaztelerara jotzeko ohitura hartzen» ari direla iruditzen zaie.