Ordiziako merkataritzan eta ostalaritzan ere, lehen hitza beti euskaraz
Urtezahar egunera arte iraungo duen kanpaina bat jarriko du martxan Ordiziako Udalak.
Ordiziako Udalak, beste hainbat udalerriren antzera, bat egin du Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz kanpainarekin. Helburua herriko establezimenduetan lehen hitza beti euskaraz egitea da. Ordiziaren kasuan, gainera, kanpaina horrek erakutsiko die “udalerriko ia-ia establezimendu guztietan euskara” dela nagusi, bai merkataritzan eta baita ostalaritzan ere.
“Gertukoa aukeratzen dugunean konfiantza aukeratzen dugu. Konfiantzaren adierazle handiena da betikoa eskatzea. Ezagutzen dugu dendaria, produktua, eta dendariak ezagutzen gaitu. Baina bada konfiantza sortzeko bide azkar eta seguru bat: nor bere hizkuntzan artatua izatea”.
Kanpaina martxan abenduaren 31ra arte
Horretarako Ordiziako Udalak kanpaina bat jarriko du martxan. Datorren ostegunean Ordiziako etxebizitza guztietara iritsiko da eskuorri bat: bertan kanpainaren nondik norakoak azalduko dira, eta beheko aldean zigiluak jartzeko espazioa izango da. Hain zuzen ere, kanpainari atxikitako herriko establezimenduetan euskaraz eskatzen duten herritarrei zigilutxo bat jarriko zaie azpiko taula horretan.
Taula betetakoan, Ordizian Merkatari elkartean egongo den buzoian sartu beharko da, eta 50 euroko erosketa-bonuen zozketan hartuko dute parte. Abenduaren 31a arte iraungo du kanpaina honek