Legorretan Patxi Ezkiagaren omenezko eskulturaren aurkezpena egingo dute gaur
Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dela baliatuko dute eskultura herriari aurkezteko. Nazario Maiz eskulturgilearen lana da Patxi Ezkiaga herriko seme kuttunari eskainitakoa
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2021/12/2021-12-03-p004_f01-1200x600.jpg)
Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta Legorretan ekitaldi berezi bat egingo dute gaurko ospakizunaren bueltan. Izan ere, Patxi Ezkiagaren omenez, Etxezarreta auzoko parkean jarritako eskulturaren aurkezpen ekitaldia egingo dute. Hitzordua, arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta euria ari badu, Harripila kiroldegian egingo dute.
Nazario Maiz eskulturgileak egindako lana da eta Bere baitan nauka du izenburu. Gaurko aurkezpenean izango da Maiz bera, eskulturaren inguruko xehetasunak emateko, baita Zelai Amenabarro Legorretako alkatea ere. Ekitaldian parte hartuko dute baita ere, herriko euskara ikasleek, Elekun abesbatzak, Irrintzi-Alai dantza-taldeak eta Ugaro herri ikastetxeko ikasleek parte hartuko dute.
2018. urtean, ekainaren 28an hil zen Patxi Ezkiaga Legorretako seme kuttuna, 74 urte zituela, eri luze baten ondoren. Nobela eta narrazioa landu zituen, baina poeta gisa ezaguna zen batez ere. Ezkiagari lotutako azken argitalpena, idazlea hil ondoren egin zuten. Blues bat bizitzari du izenburua eta Ezkiagak egindako poesien artetik, musika darien lanak apartatu, eta antologia poetikoa ondu zuten Balea zuria argitaletxearen zigilupean. Legorretako Udalak lagundu zuen argitalpena.