Tomas Sarasolak irabazi du Amalurren argazki lehiaketa
Lazkaoko mendi elkarteak lehenbiziko aldiz antolatu du rallya, eta zortzi partaide izan dira. Bigarren saria Jose Miguel Romerok eta hirugarrena Asier Ruizek jaso dute.
Lazkaoko Amalur mendi elkartearen I. Argazki Lehiaketa Tomas Sarasola lazkaotarrak irabazi du. Azaroaren 14an egin zuten rallya, eguraldi euritsuak lausotua. Zortzi argazkilari zaletuk parte hartu dute estreinako deialdian, eta atzo iluntzean banatu zituzten sariak, Lazkaoko kultur etxean.
Bost gai jarri zizkieten antolatzaileek partaideei: natura, basoa, baserri ingurua, paisaia eta Lazkao. Bakoitzak hamar argazki aukeratu eta aurkeztu zituen. Sarasolaren bilduma izendatu du onentzat epaimahaiak, eta hari eman diote 150 euroko lehen saria. Bigarren Jose Miguel Romero lazkaotarra –Ordizian bizi da– geratu da (100 euro), eta hirugarren Asier Ruiz lazkaotarra (50 euro). Gazteen saririk ez dute eman, ez zelako 18 urtez azpiko inor agertu.
Epaimahaia Carlos Mediavillak, Carlos Iraetak eta Angel Fernandezek osatu dute. Sariak banatu aurretik, partaide guztien bildumen proiekzioa erakutsi zuten, atzo, Iraetak egindako muntaian. Lehen hiru sarituen lanen balorazioa “oso estu” geratu dela nabarmendu dute.
Hurrengo ekitaldia noiz egingo den zehaztu ez badute ere, animatzeko eskatu die Amalurrek argazkizaleei, batez ere Lazkaokoei.