Txakur Eredugarri Programa hazi egin da
Haur eta hirugarren adineko herritarrei bideratutako saioak egongo dira; Euskal Artzain Txakurren erakustaldia ere bueltan da
Txakur Eredugarri Programak hanka gehiago izango ditu. Hirugarren adinekoei bideratutako jardunaldiak egingo dituzte Nagusien Egoitzan, Eguneko Zentroan eta Arangoitin, besteak beste. “Saio hauen helburua estimulazio kognitibo eta sentsoriala lantzea izango da, baita komunikazio afektibo eta ludikoa indartzea ere”, azaldu dute Beasaingo Udaletik; haurrentzako hitzaldi bat ere egongo da, Txakurren hizkuntza delakoa. “Animalia hauengana nola gerturatu eta beraiekin nola jokatu erakutsiko da”, aipatu dute. Nagusiagoei bideratutako estilo bereko beste hitzaldi bat ere eskainiko dute. Gainera, zehaztu dute ez dela soilik txakur jabeentzat izango, herritar ororentzako baizik.
Ez da hitzaldi bakarra izango. Gai ezberdinetako ordubeteko lau saio monografiko ere prestatu dituzte. Adopzioaren inguruan eta txakur baten jabea izatea zer esan nahi duen arituko dira, adibidez.
Pandemiaren erruz bertan behera geratu zen Euskal Artzain Txakurren erakustaldia berreskuratuko dute. “Arraza honek dituen gaitasunak erakusteaz gain, maskota bezala ere balioan jarri nahi da. Izan ere Euskal Artzain txakurra desagertzeko arriskuan dagoen arrazetako bat da”.
Abenduaren 10a
Jabe Eredugarri Formakuntzaren bigarren edizioa ere egingo dute. Zortzi saio presentzialeko hiru txanda egingo dituzte, lehendabizikoa urtarrilean. Abenduaren 10ean zabalduko da izen ematea. Ikastaroa amaitzerakoan jabe-txakur bikoteak gaitasun proba bat egiteko aukera izango du aztertzaile profesional baten begiradapean, eta ongi eginez gero txakur-hezitzaile titulu ofiziala eskuratuko dute. Halere, formakuntzen benetako helburua jabeak trebatzea da, txakurrak ongi zaindu eta une oro kontrolpean izan ditzaten.
Sozializazio paseoei ere eutsi diete. Jabeak eta txakurrak ostegunero elkartuko dira bi eta lau hanketako animaliak kidetu daitezen. Gainera, Jabe Eredugarri Formakuntzetan ikasitakoa aplikatzeko aukera paregabea da.
Saioen datak aurrerago zehaztuko dituzte.
Betebeharrak
Udalak jabeei gogorarazi die hainbat betebehar ere badituztela. Hala nola, txakurrak lotuta eramatea eta hauen gorotzak jasotzea. Ezkiaga auzoan, Urbieta etxearen atzean, Zaldizurretako biribilgunearen aldamenean eta Igartzako Monumentu Multzoan txakur parkeak egokitu dituzte, bertan txakurrak askatu ahal izateko. Udalak azpimarratu du pertsonen eta txakurren arteko bizikidetza duela helburu. “Egunetik egunera, handitzen doa maskota kopurua udalerrian. Horregatik, ezinbestekoa da txakurrak dituztenen eta ez dituztenen arteko elkarbizitza eta harreman egoki baterako baliabideak eta bitartekoak eskaintzea”.