«Filosofiatik egungo auziak beste era batera planteatu daitezke»
'Simone de Beauvoir. Norbanakoa eta burujabetza' saiakera liburua argitaratu du berri du filosofo eta ikerlari beasaindarrak (1994). Herritarrei aurkeztuko die etzi, Igartzako jauregian (19:00).
Hiru aste dira ‘Simone de Beauvoir. Norbanakoa eta burujabetza’ saiakera liburua Donostian aurkeztu zenuenetik. Zer gorputzaldi duzu harrezkero?
Hasiera batean lasaitua. Jakinekoekin liburua aterako genuela hitz egin genuenetik urtebete inguruko pasa zen, eta word-en ikusten duzun bitartean beti ikusten duzu zer hobetua, zer txukundua eta zer aldatua, eta behin liburu forman ikusita lasaitua. Hortxe dago, eta ja ez dago atzera bueltarik. Eta bestetik, egia esan, oso-oso eskertuta. Jende pilo batek esan dit erosi duela, irakurriko duela, kuadrillakoek, ingurukoek. Aurretik ere jende askok lagundu dit, eta harrera txukuna izan duela uste dut. Eta orain daukat jakin-mina feed-back hori jasotzeko.
Eta egon al da ‘feed-back’ hori?
Oraindik ere ez dut handirik jaso. Patxada eskatzen duen liburu bat da, eta horren zain nago, ea jendeari zer iruditzen zaion, zer hobetuko lukeen, zer aldatu, zer sakondu… Kritika horren zain, egia esan.
Hori behar du idazleak, eskertzen du kritika hori.
Bai, iritzi truke hori. Egia esan, jakin-mina da gehiago. Eta uste dut lana horretxek aberasten duela. Irakurleen ekarpen hori ederki etorriko zait nire ikerkuntza proiekturako.
Tesia egiten ere ari zara. Zer da zehazki ikertzen ari zarena?
Joxe Azurmendi katedratik lortu nuen beka orain bi urte, eta liburu honen osaera ere horri eskerrak izan da. Tesiaren asmoa da elkarrizketan jartzea Joxe Azurmendik planteatzen duen giza-abere kooperatiboa eta feminismo ezberdinetatik planteatzen ari diren subjektu ezberdinak. Nola biziko gara elkarrekin elkar egiten badugu? Nire intuizio da hor badagoela elkar aberastea, eta hortik gako interesgarriak atera daitezkeela. Eta oraintxe ari naiz saiakera horretan. Tesi hori osatzeko beste pare bat urte beharko ditut gutxienez, lau urteko prozesua izaten da. Bulegoa Donostian daukat, baina Beasaindik ari naiz lanean.
Etzi aurkeztuko duzu liburua jaioterrian, Igartzako jauregian. Nola planteatzeko asmoa duzu?
Lehenik eta behin esan behar dut ilusio handia egiten didala. Donostiako aurkezpena prentsa eta akademiaren bueltako jendearentzat zen gehiago. Gurasoak ere han izan ziren. Urtebetez aritu naiz hainbat kontzeptu filosofiko gaur egungo kezkei lotutako ideiak lantzen eta horiek mamitzen, eta kapritxo berezia neukan ingurukoekin konpartitzeko, eta ingurukoen feed-back hori jasotzeko. Oraindik forma ematen ari naiz, eta oreka horren barruan, saiatuko naiz lehen ordu erdian azalpenak ematen. Ez dut irudikatzen liburu osoaren spoiler baten modura, baizik eta ideia horiek lurreratzen saiatu naiz, eta gero ea tertuliatxo bat sortzen den.
Ez da erraza izango ariketa hori egitea, horrenbeste ideia modu ulergarrian azaltzea…
Niri estimulantea egiten zait, bestela, tesian-eta, badago arriskua zure kontzeptu filosofikoak lurreratzetik hodeietan ibiltzeko. Diziplina batek eskatzen du espezializazio bat, kontzeptu batzuk lantzea, baina era berean ulergarri egiten asmatu beharra daukat, filosofiatik gaur egungo auzi ezberdinak beste era batera planteatzea badagoela, hurbilpen batzuk egitea. Estimulantea hori da niretzat. Simone de Beauvoirrek hori egiten asmatu zuen, eta hor sakontzearen aitzakian, ea asmatzen dugun bere kontzeptu ezberdinekin gaur egungo egoerak zertaraino ulertu daitezkeen, zenbat arte aldatu, zer ideia interesgarri eskaintzen dizkigun bestelako gizarte bat eraikitzeko eta bizitza guztiak bizigarriak egiteko. Oreka hori bilatzea da nire erronka.
Publiko orokorrarentzako liburu bat dela esan zenezake?
Oreka bat topatzen saiatu naiz. Alde batetik, lan filosofiko bat da, eta ondorioz, kontzeptu filosofikoak lantzen dira ezinbestean. Simone de Beauvoirren Bigarren sexua obrak badu, zerbait azpimarratu behar baldin bada, jakin zuela kontzeptu filosofiko oso-oso aberatsak, sakonak, uztartzen eguneroko hainbat bizipenekin, hainbat testigantzarekin, eta hortik datorkio arrakasta. Obra horren aitzakian, nire lanean saiatu naiz hainbat ideia sakontzen, lurreratzen, gaur egungo eztabaida ezberdinetara ekartzen. Simone de Beauvoirrek ematen du aitzakia kontzeptu filosofiko horiek lantzeko hezur-haragizko jendearen esperientzietatik abiatuta, horiei esperientzia eta marko bat eman nahian, eta iruditzen zait gaur egungo gaien bueltan ibiltzen dela. Orduan, posible da irakurlego jakin batek zenbait kontzeptu ez ulertzea, baina saiatu naiz ahalik eta xehenean idazten. Arreta gehiago jartzea eskatuko die, baina horren aitzakian, saiatu naiz gaur egungo ezinegonak eta ilusioak lantzen. Eta hor daukat jakin-mina, ea lortu ote dudan hori publiko guztiak ulertzeko moduan azaltzea. Bokazioa hori izan da behintzat.
Eta gako horiek nola laburbilduko zenituzke?
Batetik, Simone de Beavouirrek eskaintzen du zapalkuntza hori ulertzeko marko bat, eta Bigarren sexua liburuan estruktura bat azpimarratzen du etengabe; nolabait, gizona izango dela bata, osoa, esentziala, eta aldiz, emakumea dela bestea, erlatiboa, osagarria. Bata izango dela gizatasunaren irudi positiboa eta neutrala, eta bestea izango dela hori ez dena, etengabe bestea izango dena. Horren aitzakian, bera saiatzen da eremu ezberdinetan, lan eta enpleguaren eremuan, eremu afektibo-sexualean, familiak osatzeko garaian, kalean eta eremu publikoan hori guztia nola hezurmamitzen den azaltzen. Eta bestetik, oso aberatsa den beste alderdi bat du, nola planteatzen duen horren aurrean burujabetza eta ahalduntze aldarrikapen hori.
Sakontze horretan aritu ziren bi autore, Judith Butler eta Monique Wittig, aztertu dituzu zure saiakeran.
Emakume (eta gizon) egin egiten da aipuaren aitzakian, bi autore horiek zalantzan jarri zuten gizon eta emakumeen arteko ezberdinkeria ez ezik, gizon eta emakume egiteko zegoen modu hertsia. Gizona eta emakumea era kontrajarrian definitzen direla ere esan zuten, hau da, gizona da emakumea ez dena, eta alderantziz.
Zuk ‘egin egiten da’ intuizio horren barruan sakondu duzu.
Jule Goikoetxea ere hartu dut oinarri bezala, eta hark esaten du ez bakarrik gizon eta emakume, baizik eta subjektu bezala ere egin egiten garela. Guk parte hartu ahal izateko, idatzi ahal izateko, kalean ibili ahal izateko, guk geu ere eginak izan behar dugu, hau da, sostengatu egin behar gaituzte, zaindu egin behar gaituzte, hezi egin behar gaituzte, eta nolabait esango dugu egiten gaituzten eran garela egiteko gai, ez garela buruaskiak, ez garela gizaki isolatuak. Ikuspegi zabalago horretan saiatu naiz beste zenbait auzi lantzen.