EH Bilduk udal aurrekontuak adosteko prestasuna eskatu dio EAJri
Lazkaoko Udalaren 2022rako aurrekontua onartzeko osoko bilkura abenduaren 16an egingo dela eta, EH Bilduren udal taldeak 2019-2023 agintaldian «estreinako aldiz» bi alderdiek adosteko aukerarik izango duten galdetu du. Herenegun zabaldutako prentsa oharrean, udal aurrekontuak lantzeko prozesuaren berri eman du, eta EAJri prestasuna eskatu dio, «berrogei bototxok banatzen» dituzten bi alderdiak adostasunera iristeko.
Ogasun Batzordean urriaren 21eko lehen bileran, udal gobernu taldeak inbertsioetarako milioi bat euro aurreikusten dituela argitu du EH Bilduk. Herritarren artean inkesta bat egin zuen koalizioak, «udalak horrelakorik egiten ez duenez», zer «behar» lehenesten dituzten jakiteko.
Inkesta eta inbertsio zenbatekoa aldagaitzat hartuta, EH Bilduk proposamen hau egin du: hirigintza 280.000 euro, landa eremua 175.000, jasangarritasuna 115.000, euskara 112.000, gizarte zerbitzuak 90.000, kultura 80.000, kirola 30.000 eta ekonomia-jardueran 21.000.
Ezustea eta jarrera aldatua
Azaroaren 18an, udal gobernu taldearen aldetik «ezusteko desatsegina» jaso zuela dio EH Bilduk, «oro har ez-entzunarena» egin ziela eta. Baina EAErako bi alderdiak ados jarri zirenean, ordea, abenduaren 2rako «jarrera-aldaketa nabarmena» egin duela EAJk gehitu du EH Bilduk. Elizako zubia da koska nagusia.













