Beasain-Brinkola arteko trenbidea egun batzuetan egongo da itxita
Trenen ordez autobusak jarriko ditu Renfek, ordutegi berean. Luizia eroritako tokian garbiketa lanak hasi dituzte, gutxienez bide bat irekitzeko, baina astelehena baino lehen ez dute aurreikusten irekitzea.
Brinkola-Irun trenbidean atzo arratsaldean Gabiria parean izan den luiziak egun batzuetan eragingo dio tren zerbitzuari. Erabat moztuta geratu da trenen zirkulazioa, eta, trenbidea garbitzeko lanak hasi badituzte ere, astelehena baino lehen ez dute aurreikusi ireki ahalko dutenik. Bide bat behintzat libre uztea da lehen helburua.
Bitartean, Renfek autobusen bidez emango du garraio zerbitzua, Brinkola eta Beasain bitartean. Autobusak Brinkolatik eta Zumarragatik trenen ordu berean irteteko “ahalegina” egingo dutela aurreratu du operatzaileak; ibilgailuaren kartelean “Renfe” hitza izango dute autobus horiek.
Honako tokietan hartu ahalko dira autobusak:
- Brinkolan, zubiaren beste aldean.
- Legazpin, Saturnino Telleria Kaleko errotondan (ohiko autobus zerbitzuen geralekuan).
- Zumarragan, geltokiko plazan.
- Ormaiztegin, San Andres kaleko ohiko autobus zerbitzuen geralekuetan.
- Beasainen, geltokiko plazan.
Ostiralean, abenduak 10, Civis tren guztiak bertan behera geratuko dira Beasain eta Lezo-Errenteria edo Irun bitartean. Gabiriako luizian harrapatuta geratu den trenaz gain, Zumarragan beste hiru unitate geratu direla jakinarazi du Renfek; ezin dute zerbitzua emateko behera igaro.
Beasaingo geltokian, bestetik, behin-behineko autobus transbordoek Donostiarantz doazen trenekin lotura ezin dutela bermatu gaineratu dute Renferen arduradunek, autobusek trenen denbora bikoitza behar dutelako ibilbidea egiten.