Beasainek 18.300.000 euroko aurrekontua izango du
2022ko aurrekontua aurtengoa baino %17 handiagoa izango da. EAJk soilik babestu du proposamena; EH Bildu abstenitu egin da eta PSE-EE, aurka
Beasaingo Udalak 18.300.000 euroko aurrekontua izango du 2022an. Aurtengoa baino %17 handiagoa izango da. Udalak urtebeteko arnasa hartu duela azpimarratu zuen Leire Artola alkateak atzoko osoko bilkuran, proposamena aurkezterakoan. Aurrezki garbia 1.850.000 euro ingurukoa izatea aurreikusi dute.
“Behar handiena dutenei” bideratutako inoizko kopururik handiena prestatu dutela nabarmendu zuen Artolak. Ongizate sailak, esaterako, %23ko hazkundea izango du. Esku-hartze zerbitzuak bereizi zituen beste ezeren gainetik, hauei zuzendutako aurrekontua %13 igoko baita, 275.000 euroraino. Familia bitartekaritza eta Kale heziketa programak ere indartu egingo dira.
Enplegua sustatzea ere “lehentasuntzat” jo dute. Urte hasieran baino 100 bat langabe gutxiago dauden arren “oraindik ere” 500 beasaindar lan gabe daudela zenbatu zuen alkateak. Goiekirekin eta Goierriko eskolarekin elkarlanerako, Berrabiarazi programarako, Anezkako eta Goiekiko inkubategietarako, lokal hutsak merkataritza jardueretara bideratzeko, erosketak herrian egiteko sentsibilizazio kanpainetarako eta azoka hauspotzeko partidak ditu aurrekontuak.
Ingurumen arloan hasitako proiektuei jarraipena emateko dirua ere izango da 2022an. Ibaietako ekosistemak indartuko dira, Oria ibaiaren ibilgua zabalduko da uholde arriskua txikitzeko eta Antzizar kiroldegia plaka fotovoltaikoak jarriko dira. Arizmenditik San Martinerako eta Zumadi atzeko saileko natur bideen proiektuak ere gauzatuko dituzte.
Bestelako gaietarako finantziazioa ere bermatuko dute aurrekontuek: hala nola, landa auzoetan bizitzea “erakargarriagoa” egingo duten proiektuak, euskararen erabilera hauspotzeko planak, bereziki aisialdi eta kirol esparruetan, eta emakaumeen eta gizonezkoen arteko parekidetasunean aurrera pausoak emateko ekintzentzako proiektuak. Aurten burututako gaztediaren diagnosia abiapuntu hartuta gazteentzako hainbat ekintza ere proposatuko dira.
Oposizioaren babesik ez
Aurrekontuak ordezkaritza duten alderdi guztien ekarpenekin osatutakoa dela azpimarratu zuen Artolak. “Horrek politika sentitzeko modu bati erantzuten dio”, esan zuen. “Eskerrak eman nahi dizkizuet egindako ekarpenengatik eta aurrekontu hobeak ahalbideratu dituzuelako”.
Oposizioak, ordea, ez zuen proposamena babestu. Soilik EAJk bozkatu zuen alde. Proposamena onartzeko nahikoa, dena den. EH Bildu abstenitu egin zen, aurrekontuek ez dituztelako erabat asetzen. “Emaitza gazi gozo baloratzen dugu. Gozotik duena gazitik ere badu”, esan zuen Hasier Agirren EH Bilduko bozeramaileak.
Euskara ikasteko doakotasuna, auzotaxia, basoak erosteko planaren azterketa, Biziola proiektuari emaniko babesa eta alokairuko etxebizitzen inguruko politikak txalotu zituzten baina gazteei bideratutako proiektuak motz gelditzen direla esan zuten. Antzizar kiroldegiko eta etxez etxeko arreta zerbitzuko langileen baldintzen inguruko hausnarketa ere falta dela azpimarratu zuten.
Aurrekontuaren hazkundea ez dela horrenbestekoa iritzi diote, aurtengorako aurreikusitako hamasei milioiak gerakinetatik ateratako sei milioiekin osatu dituztelako. “Udal baten funtzionamendua baino administrazio kontseilu batena dirudi. Ez da gustukoa”, zehaztu zuen Agirrek.
Artolak erantzun zion udal gobernuak egindako kudeaketa onari esker udalak ez duela zorrik eta aurrezkiak erabili ditzakeela. Eta ez dituztela sei milioiak erabili azpimarratu zuen.
PSE-EEk beraien iradokizun “gehienak” txartatzea eskertu zuen baina ezezkoa bozkatu zuten. Herritarren hainbat arazo airean gelditzen direla salatu zuten. Arantzazu kalerako igogailuarentzako eta Ixabel Olano parkean komun publikoa jartzeko dirurik ez dagoela aurreikusita kexatu ziren; eta beste proiektu batzuetarako diru partidak “barregarriak” direla iritzi zioten.
Adur Ugartemendia alkateordeak erantzun zien beasaindar guztien dirua kudeatzea dagokiola udalari, eta interes orokorreko proiektuak lehenetsi behar dituztela. Ixabel Olano plazaren inguruan egindako parte hartze prozesuan 40 proposamenetatik bakarrak eskatu duela komuna azaldu zuen eta horrek erakusten duela ez dela eskari orokortua; Arantzazu kaleko igogailuaren inguruan zehaztu zuen igogailu etzana eraiki beharko litzatekeela, eta horiek ohikoak baino lau bider garestiagoak direla, mantentze gastuak kontuan hartu gabe.
Aurrekontuak jendaurrean jarriko dituzte hamabost egunez. Alegaziorik ez badago behin betiko onartuko dira epea pasatakoan.