«Egunean gauza asko alineatu behar dira, ez fisikoki bakarrik»
Azaroaren 28an jokatu zen Donostiako Maratoia. Naroa Sagarna (Ormaiztegi, 1989) korrikalariak hirugarren egin zuen 2 ordu 55 minutu eta 45 segundoko denborarekin.
Hirugarren postua lortu zenuen Donostiako Maratoian, azaroaren 28an. Ia bi aste pasata, zein da sentsazioa?
Sentsazioak onak dira, beti momentuan garaipena gustora hartzen da, eta denbora bat pasa eta gero beti garaipenak sentsazioak puzten ditu. Momentuan irabazteak garrantzia dauka, baina denbora pasa ahala sentsazioek hobera egiten dute.
2 ordu, 55 minutu eta 45 segundoan egin zenituen 42 kilometroak. Espero zenuen podiumean sartzea?
Denbora hori egitea bai, banekien entrenatutakoarekin denbora hori egiteko nengoela. Maratoiko egunean gauza asko alineatu behar dira, ez fisikoki bakarrik ondo egotea, eguraldiak ere eragiten du. Baldintza onenak ez ziren atera egun hartan, baina gustora nago egindako karrerarekin. Hori bai, hirugarren postua ez nuen espero.
Nola planteatu zenuen lasterketa? Zein zen helburua?
Azkeneko asteetako entrenamenduak-eta ikusita, banekien gutxi gora-behera denbora hori egiteko banengoela. Azkeneko maratoian 2 ordu eta 57 minututik gora neukan eginda, eta hobexeago egiteko nengoenez, entrenatzailearekin hitz eginda erritmo horretan ateratzea erabaki genuen, ea eusten nuen, eta halaxe izan zen.
Karreran bertan denborari begira joaten al zara?
Batzuetan bai, baina Donostiako Maratoian karrera hasieran taldetxo bat aurkitu nuen eta gutxi gora-behera erritmo horretan zihoazen. Ordulariari kaso askorik egin gabe taldetxo horretan joatea erabaki nuen, azkenean bakarrik joatea baino errazagoa delako taldean joatea. Mutil laguna ere nirekin joan zen eta horrek ere lagundu zidan.
Nola eta non entrenatzen duzu? Zein izaten da errutina?
Ordizian entrenatzen dut taldetxo batekin, neska eta mutil. Entrenatzailea ere badaukat, eta denok batera entrenatzen saiatzen gara. Astean sei bat entrenamendu egiten ditugu. Entrenamenduak txandakatzen ditugu: egun batzuetan serieak pistan eta beste batzuetan errodajeak errepidean.
Zer-nolako lasterketak egiten dituzu? Nola prestatzen duzu egutegia karrerei dagokienez?
Beti gustatzen zait urtean behin behintzat maratoi bat egitea. Nire karrera gustokoena da. Urten zehar beste maratoi erdi batzuk eta 10 kilometroko karrerak ere korritzen ditugu. Planifikazioa bizpahiru hilabetera izaten da, zer dagoen ikusi eta horren arabera entrenamenduak planifikatzen ditugu.
Aurten zein lasterketa egin dituzu?
Aurten ez ditugu karrera asko egin pandemiagatik. Granollerseko maratoi erdira joan nintzen maiatzean, hemengo lagun batzuekin talde batean, eta gero Valentzira joan nintzen 10 kilometroko bat egitera, baina tripa arazo batzuengatik ezin izan nuen bukatu.
2021 urtea bukatzera doa. San Silvestrea edo beste karreraren bat egingo al duzu urtea bukatu aurretik?
Bai. Urtero San Silvestrea egitea gustatzen zait. Goizean Beasaingoa egiten dut urtea ondo bukatzeko. Hurrengo helburua urtarrila bukaeran Getafeko maratoi erdia izango da.
Noiz hasi zinen korrika eta lasterketak egiten?
Futbolean jokatzen nuen eta ikasketengatik eta lanagatik Madrilera joan behar izan nuen. Han enpresetako karrerak delakoarekin engainatu ninduten egiteko. 2014ko abenduan 10 kilometroko karrera hori egin nuen eta egunean bertan Behobian eman nuen izena. 2015ean lehenengo Behobia egin eta bukatu nuen, eta Maratoian eman nuen izena gero.
Zati garrantzitsua da orain zure bizitzan?
Beti asko gustatu izan zait kirol desberdinak egitea. Adinagatik eta lan kontuengatik futbola utzi nuen, korrikan hasi nintzen eta azkenean bizimodu bat da.