Goierriko errekak ia gainezka
Azken egunetako euriteen ondorioz Goierriko ibai eta erreka nagusiak hazita datoz. Hainbat lekutan gain hartu dute, eta zenbait garajetan sartu da ura. Beste leku batzutan, neurriak hartzen ari dira. Biharko hobera egingo du eguraldi iragarpenak.
Azkeneko hogei egunetan, egunero-egunero egin du euria, eta ondorioak nabaritzen hasi dira. Goierriko ibaiak eta errekak ia-ia goraino eta indar handiarekin doaz, eta Euskalmetek iragarri duenez, prezipitazio iraunkorrengatik abisu laranja aktibatuta egongo da, larunbateko 09:00ak arte.
Urretxu eta Zumarragako herrigunean, Urola ibaiak aspaldian utzi ez dituen irudiak utzi ditu. Antzeko irudiak ere, Oria ibaiak, Beasaingo eta Ordiziako herriguneetan utzi dituenak. Beasainen, Ezkiaga auzoan, ia lau metroko altuera hartu du urak, eta Udalak sare sozialen bidez zabaldu duenez, eremu horretan ibaiak gainezka egiteko arriskua dago. Ordizian, Mallutz industriagunetik herrigunera doan pasabidea itxita dago, ibaiak gainezka egin duelako.
Zumarragatik Azkoitirako errepidea itxita
Gaur goizean goizetik, Zumarragatik Azkoitira doan GI-631 errepidea itxita dago. Zumarragako lurretan, hiru puntu desberdinetan, arazoak sortu ditu euriteak. Batetik, arbola bat erori da. Bestetik, harrobi parean, menditik erori den urak, errepidea estali du, eta handik 200 bat metrora, luizia egon da.
Aginaga auzora doan errepidean ere, arazoak sortu dira. Mendia behera etorri da errepidearen bi puntutan, eta itxita egon da goizean zehar. Zumarragako udaltzainek jakinarazi dutenez, dagoeneko irekita dago.