Joseba Rezola erbesteko lehedakariordea oroituko dute
Abenduaren 26an, 50 urte beteko dira, Joseba Rezola Arratibel ordiziar poltikari eta abokatua hil zela. Memoria itzal ez dadin, hainbat ekintza antolatu ditu EAJk
Joseba Rezola Arratibel (Ordizia 1900-Donibane Loitzune 1971) Ordiziako seme ospetsuaren heriotzaren 50. urteurrena beteko da datorren abenduaren 26an. Euskal politikaria eta abokatua izan zen. Eusko Jaurlaritzaren lehendakariordea izan zen erbestean 1963 eta 1971 artean. EAJk hainbat ekintza antolatu ditu urtemugaren harira.
Datorren asteartean, hilak 14, erbestean Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izan zen ordiziar honen bizitzaren inguruko erakusketa bat inauguratuko dute. Bere bizitzaren hainbat pasadizo azalduko dira bertan, argazkien laguntzarekin. Barrena Kultur Etxearen atarian egongo da ikusgai erakusketa, abenduaren 23ra arte.
Erakusketaz gain, Rezolaren bizitzaren inguruko datu gehiago emango ditu, Iñaki Anasagasti jeltzaleak. Izan ere, hilaren17an, ostirala, Joseba Rezolaren historiaren inguruko hitzaldia egingo du, Barrena Kultur Etxean 19:00etatik aurrera.
Azkenik, abenduaren 26an, Rezolaren heriotzaren urtemugaren egunean, ekitaldi xume bat egingo dute Ordiziako hilerrian, 12:00etan.
14 urterekin EAJn sartu zen
Oso gaztea zela, 14 urterekin, Eusko Alderdi Jeltzalean sartu zen Joseba Rezola Arratibel. Zuzenbidean lizentziatua, Ordizian bertan abokatu gisa lan egin zuen, eta aldi berean, Donostiako Euzko Idazkaritzan ere ibili zen. 1932tik 1935era, berriz, Gipuzkoako Buru Batzarrerako hautatua izan zen.
EAJko idazkari nagusia izan zen, 1936ko Eusko Jaurlaritza eta Eusko Gudarosteko Defentsa kontseilaritzako idazkari nagusia ere bai, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea erbestean 1963tik 1971era.
1937an, Santoñan preso hartu zuten; hasiera batean heriotza zigorrera kondenatua izan zen baina ondoren zigorra bizitza osorako kartzelarengatik aldatu zioten. Hainbat espetxetatik igaro ondoren, 1943an aske utzi zuten. Bere jarduerengatik beste hainbat alditan atxilotu zuten.
Ordizian bizitzea debekatu ziotenez Madrilera joan zen, han hiru urtez bertako euskal erresistentziaren buru nagusia izan zen. Peio Irujo, Jesus Insausti eta Koldo Mitxelenarekin elkarlanean ibili zen bertan. Baionako Itunaren (1945) ondoren Kontseilu Ordezkaritza eta Erresistentzia Biltzarraren lehendabiziko presidentea bilakatuko da.
Euzkadi Irrati klandestinoan ere jardun zuen..
Ordizian, kale batek bere izena due eta Rezola bera jaio zen etxean plaka bat ipini zuten Jose Antonio Ardanzak eta Xabier Arzallusek, egin zuen lan guztia oroitu dadin.