Kontzientziak astintzera dator 'Zure platerean hasten da mundua' dokumentala
Landarlan Ingurumen Elkarteak eta On Produkzioak elkarlanean egindako lana da. Kontsumo ohitura arduratsuen inguruko hausnarketa bultzatu nahi du. Aurrerapen bideoa ikusgai dago hemen.
Landarlan Ingurumen Elkarteak kontzientziak astintzeko lanean jarraitzen du. 2018an, Aralar, mundua leku den lurra dokumentala estreinatu zuen, Aralarko ondare natural eta kulturala ezagutaraziz kontserbazioaren aldeko deia egiten zuena. Eta laster, beste dokumental bat estreinatuko dute, Zure platerean hasten da mundua izenburupean. Dokumentalaren lagin bat ikusgai dago jada. Aurrekoa bezala, On Produkzioak eta Landarlanen arteko elkarlanean egindako lana da hau ere.
Kontsumo ohitura arduratsuen inguruko hausnarketa egin eta zenbait errealitate ezagutzera eman nahi ditu dokumentalak. Euskal Herriko txoko ezberdinetako ekoizle eta baserritar txikiek dute protagonismoa, “horixe baita nagusiki filmak daraman mezua; konturatzen ote garen, non, zer eta nori erosten diogun erosketak egitera goazen bakoitzean”. Alde batetik Arabako Tierra, papel y tijera proiektuko nekazari txikiek parte hartzen dute, Pikunietako artzai eta gaztagile diren Josebe Blanco eta ‘Exkerrak’ ere bai, Lapurdiko Mikela Untsain eztigilea da hirugarren protagonista, eta laugarrenik, Iruñeko Landare kontsumo elkarteko kide den Oskar Estangak azalduko du, kontsumitzaile bezala zergatik egiten duen erosketa modu jakin horretan eta leku horretan.
Bestalde, ikus-entzunezkoari haize freskoa ematen dioten zenbait pasarte ere tartekatzen dira. Pasarte horien protagonistak dira, aski ezagunak dira: Andoni Aizpuru eguraldi iragarlea, Goazen telesaileko Maria Redondo aktorea eta Maitena Salinas aktore, irrati esatari eta beste hainbat lanetan ere aritzen den emakumea. Hirurak beteko dute, Hernaniko “Diametro 200” jatetxeko mahaia, eta bazkari atsegin bat baliatuz solasaldi interesgarri bat mantenduko dute.
Proiektu honekin Landarlanek duen helburua da, “zuzeneko salmenta, txikienei erosteko hautua eta noski, agroekologiarekin lotuta dauden ekoizleak eta kontsumo ohiturak bultzatzea da”.
Proiektu honek hainbat babesle eta laguntzaile izan ditu. Babesleen artean daude, Kutxa Fundazioa eta Ekolurran, laguntzaileen artean aldiz EHKOlektiboa, Diametro 200, Idoki, Landare, Orona fundazioa, Ordiziako Udala, Orkli, Irizar eta Erreka.
Amaitzeko, Gabonen atarian gaudela eta, “gehiegizko kontsumoa alde batera uzteko” deia egiten du Landarlan elkarteak; “soilik behar duguna erosteko eta posible bada berrerabiltzeko deia egiten dugu. Eta noski Gabonetan dastatuko ditugun jakiak gertukoak, ekoizle txikienak, garaikoak eta ekologikoak badira askoz hobe!”